Sagar urte oparoaren ondotik, «gorputz ederreko sagardoa» etorri da aurten, «argiagoa eta finagoa». Euskal Herriko sagardogileek 13,2 milioi litro ekoitzi dituzte, hamarretik zortzi, bertako sagarrarekin
Orekatua, txinparta finekoa eta aroma aldetik freskoa. Horrelakoa da aurten datorren sagardoa. Euskal Herri mailan 13,2 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte aurten, horietatik gehienak, 12,2 milioi, Gipuzkoan. Goierrin zazpi sagardotegik egiten dute dolareko sagardo propioa, eta denen artean 500.000 litro inguru egin dituzte.
Iazkoa sagar urte «oso oparoa» izan zela azaldu dute sagardogileek, eta horrek uztan ez ezik, sagardo ekoizpenean ere izan du eragina. Bertako sagarra erabili dute euskal ekoizleek; %85 sagardogile elkartearen arabera. Urriko tenperatura epelak ere lagundu egin dio prozesuari, eta azkar irakin dute sagardoek; horri esker «usain ederra» hartu dute. Aurtengo sagardoa «arinagoa, oreka eta gorputz ederrekoa, argiagoa eta finagoa» datorrela diote.
Goierriko «zazpiak bat»
Goierriko dolare sagardotegiek bat eginda aurkeztu dute aurten ere txotxeko denboraldia urtarrilaren 4an. Mikel Aiestaran kazetari beasaindarra izan dute gonbidatu. Aurtengoa «sagar uzta handiko urtea» izan da, eta miloi erdi litro ekoitzi dituzte eskualdeko sagardogileek.
Goierriko «zazpiek bat» egin zutela azpimarratu zuten ekitaldian. Laugarren urtea da Goieki turismo agentziaren eskutik, eskualdeko sagardotegiek ekitaldi bateratua egiten dutena.
Euskal sagardoa
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako dozenaka sagarzalek eta sagardogilek Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena sortu zuten 2016an, Eusko Label sagardoak zabaldutako bidetik. %100 bertako sagarrekin egindako sagardoa da, eta kupel bereiztuetan edukitzen dute. Aurten 47 sagardotegik egin dute Euskal Sagardoa, iaz baino 14 gehiagok, eta guztira 4 milioi litro ekoitzi dituzte. Goierriko egileen artean bost dira jatorri izendapeneko sagardoa egiten dutenak: Aulia, Oiharte, Otatza, Urbitarte eta Tximista.
13,2
milioi litro. Euskal?Herriko sagardotegiek aurten ekoitzi duten sagardo kopurua da, Sagardozale Elkarteak emandako datuen arabera. Horietatik 12 milioi Gipuzkoan bertan egindakoak dira.
%85 bertakoa. Sagardoa egiteko erabilitako hamar sagarretik zortzi Euskal?Herrikoak izan dira. Kanpotik ekarritakoa %15 izan da.
Zerainen bihar
Goierriko sagardotegi gehienek dagoeneko hasia dute txotx denboraldia. Legorretako Aulia izaten da azkarrena, Santa Lutzi egunaren bueltan hasten baitira. Ordiziako Tximistak ere abenduan ireki zuen, Eguberri inguruan. Urbitarten, Etxezurin eta Olagin, berriz, pasa den asteburuan zabaldu zuten.
Zeraingo bi sagardotegiak, Oihartek eta Otatzak, asteburu honetan estreinatuko dira. Oiharten festa giroan zabalduko dituzte kupelak ostiralean; Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolariak eta Zeraingo trikitilariak lagun dituztela. Otatzan ere, trikitilariak eta bertsolariak izango dituzte, 20:00etatik aurrera; Eneko Araiztegi, Aratz Igartzabal eta Mikel Tapia goierritarrak ariko dira kantuan.
Bertako sagardoa dastatzeko zazpi aukera
Sagar uzta handiko urtea izan dela diote Goierriko zazpi dolare sagardotegietako ordezkariek. Orokorrean, goiztiarra, kolore argikoa, usain handikoa eta edateko erraza da aurtengo sagardoa. Zazpi dira Goierrin dauden sagardotegiak. Aurtengo uztaren, ekoizpenaren eta sagardo berriaren ezaugarrien inguruan hitz egin dute.
«Lasto koloreko sagardo ekilibratua eta borobila da aurtengoa»
Iñaki Begiristain · Aulia (Legorreta)
«Bertako sagarrarekin egindako lasto koloreko sagardoa» da aurtengoa, Iñaki Begiristainen hitzetan. «Ahoan oso ekilibratua da, oso borobila azken finean».
Afaltzera joan nahi duenarentzat, astelehenetik larunbatera dago irekita. Bazkaltzeko, berriz, ostiraletik igandera. Betiko menuaz gain, kokotea ere badute, enkargu bidez. Egunez, trena erabili daiteke bertara gerturatzeko. Astebukaeratan, lineako autobus zerbitzua dago gauez.
«Kolore polita du, txinpartaduna eta ahoan konpletoa da»
Garbiñe Garmendia · Etxezuri (Olaberria)
«Oso kolore polita eta txinparta duen sagardoa da aurtengoa». Ahoan «oso konpletoa» dela dio Garbiñe Garmendiak. Urte osoan zehar kupeletik edateko lain ekoitzi dute.
Sagardotegia urte osoan irekita izaten badute ere, txotx garaiaren irekierarekin jendearen gorakada nabari dute eta telefonoz deitzea komeni da aldez aurretik. Asteartetik igandera dago irekita, bazkaldu eta afaltzeko. (Astelehenetan itxita).
«Izotzezko sagardoa deituriko sagardo gozo bat dugu aurten»
Aritz Eguren · Oiharte (Zerain)
Aurtengoa «oso uzta ugaria izan da eta kalitate oneko sagardoa» dela dio Aritz Egurenek, «ihaz baino arinagoa eta argiagoa da, freskoa eta usain loretsu eta fruitatsua du».
Produktu berri bat ere badute, Izotzezko sagardoa deituriko sagardo gozoa. Autobus zerbitzua dute, aurrez deituta. Apirilera arte, afariak asteartetik larunbatera emango dituzte eta bazkariak asteburuetan. Maiatzetik irailera, ostiraletik igandera.
«Hiru sagardo desberdin ditugu; gozoa, gazi-gozoa eta lehorragoa»
Jose Antonio Olano · Olagi (Altzaga)
«Jatorri deiturako sagardoak dira denak; gozoagoa da bata, gazi-gozoa bestea eta lehorragoa azkena». Azken hori, «sagardozaleei asko» gustatuko zaiela uste du Jose Antonio Olanok.
Aurreko urteetan bezala, aurten ere autobus zerbitzua dute, bertara deituta. Astelehenetik igandera irekitzen dute (astelehen eta astearte gauetan itxita).
«Pasa den urtekoak baino gorputz meheagoa duen sagardoa dugu aurten»
Jose Antonio Iparragirre · Otatza (Zerain)
«Sagarra goiz erori zen, eta beraz, sagardo gaztea da aurtengoa». Jose Antonio Iparragirreren hitzetan «zapore onekoa» dator; «pasa den urtekoak baino gorputz meheagoa du eta alkoholez, berriz, antzekoa da».
Alkoholik gabeko sagar zukua ere badute eskaintzen artean. Ostegunetik larunbatera dute irekita, nahiz eta talde handientzat gainontzeko egunetan ere irekitzen duten, enkargu bidez. Otsailetik aurrera autobus zerbitzua jarriko dute martxan.
«Kupela bakoitzak bere berezitasuna izatea bilatzen dugu»
Amaia Blazquez · Tximista (Ordizia)
«Goiz etorri den sagardoa da aurtengoa. Usain handikoa eta edateko erraza». Amaia Blazquezek azaldu duenez, Gipuzkoako sagarrarekin egindako «sagardo dastaketa polita» dute, 15 kupel eta 15 sagardo mota ezberdin baitituzte.
Astelehenetik igandera ematen dituzte bazkariak, eta afariak ostegunetik larunbatera. Ordiziako herrigunean dagoenez, kanpotik doazenek trenez gerturatzeko aukera ere badute.
«Izaera propioa duen sagardoa egiten dugu 2006. urtetik»
Demetrio?Terradillos · Urbitarte (Ataun)
«Sagar bereziak eta haritz frantsesa erabiltzen ditugu, horregatik gure sagardoak kutsu desberdina du». Gipuzkoan sagardoa horrela egiten duten bakarrak direla dio Demetrio Terradillosek. 2006. urtean hasi ziren izaera propioa duen sagardo hori eskaintzen.
Pasa den asteburuan ireki zuten denboraldia. Asteazkenetan izan ezik, egunero irekitzen dute afaltzeko. Ostiraletik igandera bazkaltzeko ere zabaltzen dute.