Oraindik zehazteko dago Euskal Y-aren lotura Gasteiztik edo Ezkiotik egingo duten. Erabakia Espainiako Sustapen ministerioak hartuko du. Geltokia jaurlaritzak eraikiko du
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Ezkioko geltokiko lanak esleitzeko lehiaketa martxan jarriko duela jakinarazi berri du Eusko Jaurlaritzak. Joseba Etxezarreta Ezkioko alkateak oraindik informazio asko ez dutela, baina «geltokiko lanei 2019. urteko hasieran ekingo dietela» adierazi du. Hasiera batean Adifek egin behar zuen geltokia. Orain, Eusko Jaurlaritzarekin adostu ondoren, jaurlaritzak eraikiko du.
Etxezarretak Eusko Trenbide Sarearekin «harreman estua» dutela dio. Iaz bilera batzuk izan zituzten, «non geltokia egingo zutela adierazi ziguten». Mediterraneotik Euskal Herrira etorriko den AHTaren lerroaren gainean lotura Ezkiotik edo Gasteiztik egingo duten zehazteko dagoela adierazi du Etxezarretak. Izan ere, lotura hori nondik egingo dutenaren arabera Ezkioko geltokiaren tren emaria handiagoa edo txikiagoa izango dela dio alkateak: «Espainiako Sustapen ministerioak hartuko du erabakia».
Aurtengo urte amaieran lotura nondik egingo duten erabakiko dutela aurreratu du Etxezarretak. «Ezkiotik egitea Gasteiztik egitea baino hiru aldiz garestiagoa da eta irtenbide teknikoa ere zailagoa da Aralar azpitik 21 kilometroko tunela egin beharko luketelako». Horrenbestez, alkatearen iritziko, «Sustapenministerioa lotura Gasteizen egitearen aldekoa dela uste dugu». Une honetan, loturaren harira ingurugiro inpaktuaren gaineko azterketa bat egiten ari dira Sustapen ministerioan.
Geltokiak aldaketarik ez
Alkateak trenaren azpiegitura eginda dagoela dio eta «geltokiaren eraikuntzak Ezkiori ez dio fisikoki eragingo, txikizio gehiagorik ez da egongo», azaldu du. Halaber, Etxezarretaren arabera, «geltokiak aukerak emango dizkio Ezkiori».
Berriki abian jarri dute Ezkion udalerriari buruzko hausnarketa prozesua. Herriaren etorkizunaren nondik norakoa aztertu nahi dute herritarrekin batera, Ezkio non kokatuko den, alegia. «Gure lekua nahiz jarrera zein izango diren eztabaidatzen ari gara. Emaitzak gogoeta prozesua amaitu eta berehala plazaratzeko asmoa dugu».
Hausnarketaren testuinguruan Etxezarretak dioenez, «Ezkiok onartuta dauka AHTaren geltokia izango duela eta haren funtzionamendua ere bai». Edonola ere, berretsi du Euskal Y-aren lotura nondik egingo den zehazteko dagoela eta tren emarian aldaketak eragingo dituela Ezkiotik egin ala ez.