Goierri garaiko herrietako familiei doaneko psikologia-orientazio zerbitzua eskaintzen dien Etxadi taldeak eskainiko du. Hitzaldia 18:00etan hasiko da areto nagusian. Egungo jolasez arituko dira
Joko eta apustu makinak, Legazpiko taberna batean.
Etxadik J
okoa, apustuak eta autokontrolaren garapena hitzaldia eskainiko du gaur, 18:00etan Legazpiko Kultur Etxeko areto nagusian. Hitzaldian egun dauden jolas moten inguruan arituko dira, baita jolasen bitartez asebetetze erreal bat lortzeko jarraibideak eman ere heziketan autoerregulazioak duen garrantziari azpimarra eginda.
Honezkero hamabi urte dira Etxadiko kideek Goierri garaiko familiei doaneko orientazio psikologikoa eskaintzen dietela; doanekoa eta anonimoa. Gaurkoan jokoaren eta apustuaren gaiari helduko diote. Izan ere, aurretik ere hitzaldiak egin dituzte Goierri garaian.
Egungo jolasen hainbat ezaugarri nabarmenduko dituzte gaurko hitzaldian. Jolasaren parte hartze eremua zabalduz doala diote. «Presente daudenekin eta ez daudenekin edo munduaren bestaldean daudenekin jolastu dezakegu, baita Internetez konektatuz ezagutzen ez ditugunekin ere. Hala jolastu dezakegu guk eta gure seme-alabek ere». Eremuaren zabaltze hori helduen aldetik «kontrol» nahiz «gainbegiratze» gehiago eskatzen duela diote.
Jolasa eskuragarriago ere badela diote, «jolasteko aukera berriak ezagutzen ditugu une oro» eta berriro kontrol beharra aipatu dute. Asebetetzeaz ere ariko dira, areago asebetetzearen berehalakotasunaz. «Denbora gutxian eta ia esfortzurik gabe irabazi daiteke. Nola ez dugu bada jolasten jarraituko?». Jarraitzeko gogo horrek nor bere burua kontrolatzeko zailtasunak dakartzala azalduko dute eta hainbat jarraibide eskainiko dituzte.
Hala nola, zertara jolasten duten ezagutzeko beharraz mintzatuko dira, jolas bakoitzari denbora mugatu bat eskaintzeko premiaz, jolasak eta bestelako jarduerak tartekatzeaz, nahiz ezetzaren ondorio positiboak esperimentatzeko aukeraz ere arituko dira.
Etxadik 0-18 urte bitarteko alabak eta semeak dituzten familiei eskaintzen dien doako orientazio zerbitzura telefonoz jo daiteke (94 405 15 49 astearteetan 11:30-13:00 eta 17:00-18:30) edota
etxadi.org webgunearen bitartez Urola Garaia inprimakia betez.