GI-2630 errepideko semaforoa berde jarri dadin botoia jartzea falta da, baita historiako gertakizunak jasoko dituen hormairudia ere. Antzeztokia erabat amaituta dago
Bukatu dira Kale Nagusia oinezko bihurtzeko lanen bigarren fasea. Bi detaile baino ez dira geratzen: bata, Urretxutik datorren errepidean dagoen semaforoan oinezkoek erabiltzeko botoia jartzea; bestea, orain artean harlauzetan idatzita zeuden Legazpiko gertakari historikoak jasoko dituen horma irudia ipintzea. Behin bi lanok bukatuta, Legazpiko Udalak erabat amaitutzat emango ditu Kale Nagusiko lanak.
Aurreko urteko abuztu erdialdean ekin zieten lanei. Lanak amaitzeko epea Gabon inguruan ezarri bazuten ere, atzerapenak egon badira, batik bat, eguraldi txarragatik izan da. Legazpiko Udaleko hirigintza zinegotzi Eric Galvezek adierazi duenez, «lanek iraun duten bitartean bertako bizilagunek zein merkatariek informazio puntu batera jo ahal izan dute, harremanetarako telefono bat ere izan dute behar izanez gero kontsultak egin zitzaten».
Lanen aurrekontua 580.000 eurokoa izan da eta horietatik Gipuzkoako Urak erakundeak 123.000 finantzatu ditu. Hiru enpresa aurkeztu ziren esleipen prozesura eta haietatik Sasoi eraikuntzak lortu zuen esleipena. Enpresak egindako eskaintza 476.737 eurokoa izan zen. Proiektua, aldiz, Zebralab enpresak egin zuen eta kostua 14.515 eurokoa izan zen BEZ kanpo. Diseinu aldetik aurretik egindako lehen faseko ildoei jarraitu diete.
Zamalanak egiteko bi gune egokitu dira, bi gune esertzeko bankuekin eta antzeztoki bat harmailak dituena. Harmailak kalearen eta errepidearen arteko itxitura funtzioa betetzen du. Diseinu aldetik, harmailaren proiektua egiterakoan, Eiluz gutxitu fisikoen Goierri garaiko elkartearen nahiz Agenda 21eko Foroko kideen ekarpenak jaso dituzte.
Bide batez, Kale Nagusiko hoditeria berritu dute, hala euri ubideak nola ur beltzenak. Telekomunikazio azpiegiturak lur azpitik eraman dituzte. Irisgarritasunari «bereziki erreparatu» diotela azaldu du Galvezek, «lokal eta atari guztien irisgarritasuna hobetzea ezinezkoa izan da eraikin asko altuera ezberdinetan daudelako». Kale Nagusiko bizilagunei lanek iraun duten bitartean izandako pazientzia eskertu nahi die.