«Nire konposizioez egindako lehen diskoa da ‘Denbora’»
Duela bi urte Ordizia jaioterrira itzuli eta bakarkako lehen diskoa kaleratu du Mikel Urretagoiena bateria jotzaileak: bederatzi kantako ‘Denbora’.
Herbehereetan eta Madrilen bederatzi urtean musikari profesional ibilbidea garatu ondoren, Ordiziara itzuli zen duela bi urte Mikel Urretagoiena bateria jotzailea eta konposatzailea (Ordizia, 1991). Otsailean, bakarkako lehen diskoa grabatu zuen Ona Etxea estudioan. Bederatzi kantuk osatzen dute Denbora diskoa. Diskoak salgai daude Sugaar eta Kirkil tabernetan, eta plataformetan ere entzun daiteke.
Nola iritsi zara lehen diskora?
Bakarkako lehen diskoa da, baina ez dut bakarrik egin. Musika ezin da bakarrik egin. Nire konposizioez egindako lehen diskoa da. Duela pare bat urtetxo, Madrildik Ordiziara etorri nintzen eta orduantxe hasi zen sortze-prozesua. Beti eduki dut sortzeko gogoa. Aurretik ere konposatzen nuen, pianoan, beste proiektu batzuetarako.
Norekin egin duzu lan?
Sortze prozesua bakarkakoa izan da, pianoan konposatzen dut, baina disko honetarako bi musikari aukeratu ditut. Oso ondo pentsatutako aukeraketa izan da. Azkenean erabaki nuen hirukote formatuan egitea. Nahiko formatu intimoa da, oso biluzia.
Nortzuk dira?
Mendaroko (Gipuzkoa) Iñigo Ruiz de Gordejuela pianista, duela lauzpabost urte ezagutu nuen. Nire kantatan «abeslaria» da pianoa, melodia eramaten duena. Eta bigarrena, bajista elektrikoa, Dani Pozo madrildarra, aspaldiko laguna.
Ordiziara itzultzea emankorra izan da, beraz.
Bai, niretzako denbora hartu dut. Madrilen ere asko sortu nuen talde eta lagun askorekin, zazpi urte egon nintzen. Lokal bat geneukan eta ikerketa asko egin ditugu. Astero gelditzen ginen. Ordiziara itzultzea, lurreratze bat bezala izan da.
«Bederatzi abesti izateko eta musika inprobisatua izateko oso motza da. Baina hori bilatzen nuen. Oso akustikoa, oso biluzia»
Bederatzi kantuk osatzen dute Denbora diskoa.
Kantu guztiak biltzen dituen kontzeptua delako aukeratu dut Denbora izena. Kanta denak ezberdinak dira, bakoitzak esanahi ezberdina dauka atzean. Letrarik ez dute, soinu bandak izango bailiran bezala adierazten dut hobeto. Martxan, Kantu hori, Euri dantza, Denbora, Tantanak, Bidaiak, zazpigarrena nire kantua ez den bakarra, baina nire moldaketa da, Nire Herriko Neskatxa maite, Benito Lertxundirena da, zortzigarrena Gailurra, eta azkena Bueltan. Disko motza da, 32 minutukoa. Bederatzi abesti izateko eta musika inprobisatua izateko oso motza da. Baina hori bilatzen nuen. Oso akustikoa, oso biluzia.
Zergatik aukeratu duzu Nire herriko neskatxa maite?
Ez da bereziki Benito Lertxundiren fana naizelako, baina melodia hori beti eduki dut hortxe. Horrekin bueltaka nenbilela, nire filtrotik pasatzea erabaki nuen.
Erakutsi diozu?
Bai, gustatu zaio. Oso bertsio berezia eta freskoa dela esan didate. Nahiko martxosoa egin dut.
Bigarren lanik izango da?
Auskalo. Baina izango da seguru asko.
Kontzerturik bai?
Abenduaren 19an, Ordizian eta 20an Mendaron izango gara.