Atzoko Artzain egunarekin batera, gaztaren hilabeteari hasiera eman zaio; jendetsu eta udaberriko giro ederrean burutu da urteko lehenengo aparteko feria.
Pazkoko oporren eraginez jendea beranduago hasi zen merkatura gerturatzen; eguraldia eta aparteko ikuskizunak lagun, 11:00etatik aurrera jo zuen bere gaina Ordiziak. Ohiko postuetan salmentak poliki joan zirenekoa entzun genuen azken orduan.
Udaberriko produktuak sortzen dute ilusio eta erakarmenik handiena. Hala nola, barazkietan, ilarrak. Joan zen astean ekarri zituen lehenak Monteseneko Arantxa Iparragirrek. Doriata motakoa da, negutegikoa, leka handi xamarra eta ale txikia oraindik, baina propio txikia jasoa, «xamurrena halaxe delako, gordina ere jan daiteke». Leka kenduta, 200 gramo inguru ilar izango du kiloak, eta 14 euroan salgai da. Leka ere txiki-txiki eginda fresko-freskoan jan daitekeela zioen Arantxak. Piper txikitua ere ekarri zuen, «pipermina da, gorritzen utzi eta gero gatz lodia balitz bezala erabiltzeko prest, edozein jakiri bizitasuna emateko oso egokia». Euroan eskukada Arantxarena.
Udaberriko zizak ere ez dira atzera gelditzen erakargarritasunari dagokionez, hizpide ere izan ohi dira. Kilora hurbildu zen atzo ekarritakoa, kiloa 150 euroko proportzioan salgai.
Gaztaren hilabetean
D’elikatuzek bultzatutako
12 hilabete, 12 produktu kanpainaren barnean, gaztaren hilabetea hasi zen atzo Artzain egunarekin batera. Ardi gaztak izan zuen denboraldia irekitzeko ohiko protokolozko ekitaldia udaletxean. Plazan, berriz, aurtengo lehen ahuntz gazta berria ekarri zuen Aldaba Zaharreko Salba Kuadradok, «hezeak oraindik», baina freskoa gustuko duenarentzat oso puntu gustagarrian. Alpina motako ahuntzen esnearekin egindako gazta txiki honek 4,5 euro balio du (250 gramo ingurukoa).
Nafarroako zainzuriak
Plaza inguruko postuetan aurki daitezke zainzuriak, baita Erribera eta inguruko produktuak zuzenean ekoizleengandik plazara ekartzen dituzten Nabarreko postuan ere (plaza barnean). Prezioa loditasunaren araberakoa da: kiloa 6 eta 10 euro artean.
Datorren astean baba izan genezake. Hemengo patata ez du inork aipatu oraindik, baina berandu baino lehen izango dugu Ordizian ere. Izan ere, Donibane Lohizuneko merkatuan Senperekoa, negutegikoa, salgai zen joan zen ostiralean, kiloa 4 eu-roan, «txiki eta handi, lehenak ederki saltzen dira prezio honetan» zioen ekoizleak.
Udaberri-udako landareen berri emateko moduan izango gara gaur zortzi, izan ere apirila aurrera doa eta, giroak lagunduz gero, lanari ekiteko garaian bai kaude.