Lazkao Txikiri omenaldi berezia egin diote, bere heriotzaren 25. urteurrenean
Ohi bezala, Lazkaoko hainbat kultur eragilek hartu dute ekitaldian parte. Aurten, ordea, bertsolarien parte-hartzea nabarmenagoa izan da
Duela 25 urte hil zen Joxe Migel Iztueta, Lazkao Txiki. Harrez geroztik, urtero antolatzen dute Lazkao Txiki gogoan omenaldia, Lazkaoko kultur eragileek elkarlanean. Aurtengoa ordea, berezia izan da, 25. urteurrena dela eta. Belaunaldi ezberdinetako bertsolari goierritarrak elkartu dira Lazkao Txiki Zelaian, Lazkaoko gainerako kultur eragilerekin batera.
12:30ean hasi da omenaldi berezia, eta inoiz baino jende gehiago bertaratu da. Oin Arin Dantza Taldekoek agurra dantzatu dute lehenik, eta Joxepa Madariagak, Gerriko Kultur Elkarteko kideak hartu du hitza ondoren, zuzenean Lazkao Txikiri hitz eginez. Jarraian, Lazkao Txiki Musika Eskolako Nerea Barandiaranek eta Jon Barreros ikasle ohiak bertsolariak ispiluari abestutako bertso ezagunak abestu dituzte, pianoaren eta gitarraren laguntzaz.
Bertsolari helduen txanda izan da ondoren: Iñaki Murua, Aitor Sarriegi, Mikel Mendizabal, Iker Zubeldia, Jexux Mari Jauregi ‘Altzo Txiki’, Millan Telleria eta Iban Urdangarin aritu dira, koplaka. Gai gisa Iñaki Murua Lazkaoko Udaleko ordezkaria zela eta bertsolari bakoitzak denda bat jarri nahi zutela hartu dute, eta saio alaia egin dute.
Musika eskolako haurren abesbatzak bertsolariaren bertso batzuk eta piraten abesti bat ere abestu ditu. Abesbatzako haurrei bertsolari gazteek hartu diete lekukoa. Iñaki Rezusta trikitilariaren laguntzaz, Mikel Tapia, Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi, Gorka Maiz eta Endika Igartzabal aritu dira bertsotan. Gaiari dagokionez, Lazkao Txikiri zeruan omenaldi bat egitea zen, eta Tapiak hartu du Lazkao Txikiren rola. Gainerako bertsolariek hildako beste bertsolari batzuen paperean jardun dute.
Amaitzeko, Oin Arin dantza taldekoek Korrontziren abesti bat dantzatu dute, eta erromeri giroan itxi dute ekitaldi berezia, ikusleak dantza egitera animatuz.
Urteurrenaren azken ekitaldiak Gaurtik aurrera ere jarraituko dute herrian urteurrena ospatzen. Astearte arratsaldean, 16:30ean, haurrentzat jolasak antolatuko dituzte Maizpide euskaltegiko ikasleekin batera. Marrazki bizidunen saio bat ere izango da. Bukatzeko, maiatzaren 19an, Lazkaomendira mendi ibilaldia egingo dute, Lazkao Txiki bizi izan zen Abalin baserrira bisita egiteko. Plazatik abiatuko dira parte-hartzaileak, eta bide zaharretik joango dira, PR-Gi03-tik, Amalur mendizale elkartearekin batera.