Kanpotik Legazpira bizitzera etorritakoek hondakinak bereizi ditzaten ematen zaien informazioa hobetzeko bideak landuko dituzte. Bilera bihar da udaletxean
Legazpin 2012an egindako Kultur Aniztasunaren Jaialdia. // A. Apalategi
Hondakinen bereizketaren arloan, kanpotik Legazpira iritsi direnei ematen zaien informazioa hobetu daitekeen, eta hala bada, nola izango dute hizpide biharko Agenda 21eko Foroan.
Legazpiko Udalak eta Sasieta Mankomunitateak beharrezkotzat jotzen dute egun eskaintzen zaien informazioa zein den eta nola jasotzen duten aztertzea. Finean, hobetzeko dagoenari buruz egin nahi dute gogoeta.
Foroa bihar bilduko da 18:30etik 20:00etara Legazpiko udaletxeko batzar aretoan. Elkartzen direnen artean gaiaren inguruko lanketa egin nahi dute, «beti ere helburu partekatu batekin: egun egiten duguna hobetzea».
Good Local Adapt
Good Local Adapt Europaren proiektuaren barruko bigarren bilera egingo dute gaur, 18:30ean, Gizarte Zentroan. Aurreko bileran Legazpiko auzoetan dituzten klima aldaketari lotutako arazoak aletu zituzten eta oraingoan arazo horiei aurre egiteko proposamenak eramango dira bilerara.
Zenbat dira eta nondik etorri dira Legazpira?
Legazpiko Udalak emandako datuen arabera iaz 76 lagun iritsi ziren eta 2016an 83 pertsona. Hizkuntzak hasieran sor ditzakeen mugaren isla dira jatorriak. Izan ere, iazko talde jendetsuena Errumaniatik iritsi zen Legazpira eta orain bi urte gehienak Pakistandik etorri ziren.
Aljeria eta Maroko dira aurreko urteetan nabarmendu daitezkeen beste bi jatorriak eta, haietan ere, hizkuntza muga da hasieran.
2016an Afrikatik pertsona gehiago iritsi zen oro har. Aljeriaz eta Marokoz gain, Senegal, Ginea, Mauritania eta Nigeriatik ere etorri ziren. Iaz, ordea, Errumaniatik iritsitakoez gain, nabarmena da Hego amerikatik –Nikaraguatik, batez ere,– etorritakoen kopurua. Haien kasuan, gainera, gehienak emakumezkoak izan dira.
Hego amerikarrek euskararik ez dute, baina gaztelania dutenez lagungarri egiten zaie. Bangladesh, Txina, Ukraina edo Bulgariatik ere etorri dira.