Asteazkenean, duela 25 urte, Joxe Ramon Agirre 'Marron' mendigoizale ataundarrak munduko gailur garaiena zapaldu zuen. Oñate eta Zerain zituen lagun. Gaur hitzaldia egingo du Ataunen, Juan Vallejorekin.
Jose Maria Oñate, Alberto Zerain eta ‘Marron’ gailurrean, 1993ko maiatzaren 16an.
Hogeita bost urte ez dira alferrik pasatzen. Ezta mendizaletasunean ere. Beste garai batekoa dirudien espedizioa egin zuten Euskal Herritik Everest gailurrera (8.848m). Tartean zen Joxe Ramon Agirre
Marron (Ataun, 1959), aurreko urtean Makalun trebatuta eta gero. Herenegun, maiatzak 16, bete ziren 25 urte, mugarri hartatik.
Everesten tontorrera 1993ko maiatzaren 16an iritsi ziren Marron, Alberto Zerain zena eta Joxe Mari Oñate
Abitxuela. Bederatzi lagun ziren espedizioan, Arabakoak gehienak. «Atzoko kontua ematen du… Data batzuk markatuta gelditzen dira, eta niretzat igoera hura da bat. Hainbeste kostatako erronka izan zen, izan ere. Asko, asko, asko kosta zitzaigun», gogoratu zuen Marronek, atzo, HITZArentzat.
Bidea aukeratzen lanak
Beste garai bat zela adierazten duten bi datu eman ditu ataundarrak: espedizioaren iraupen luzea, eta lan guztiak eurek egin izana, agentzien bitartekaritzarik eta laguntzarik gabe.
Bi hilabete eta erdi egon ziren Himalayan. Marron eta Oñate bi aste lehenago lehenago joan ziren Katmandura, erosketak, kontratazioak eta material guztia antolatzeko. «Lau milioi pezeta motxilan genituela joan ginen. Ez zen gaurko konturik». Oraingo 24.000 euroren balioa.
Everesteko oinarrizko kanpalekuan 60 egun egin zituzten. «Mendiak uzten zuen, baina gora-behera asko izan genituen». Lehena, bidea aukeratzeko. «Bigarren kanpalekutik hego lepora mendebaldeko bidea hartu genuen, ohikoaren ordez. Oso txarra zegoen, eta azkenean ohiko bidera pasatu ginen».
Hiru gau zortzi milara
Bi taldetxo osatu zituzten, gora jotzeko. Marron eta Abitxuela aurretik, Everest 9 aldiz igoa zuen Ang Rita porteatzaile sherparekin. Baina gaixotu egin zen, eta behera jaitsi zen hura.
Atzetik zetozen Alberto Zerainek eta Juan Vallejok haiekin bat egin zuten. Ang Ritaren seme porteatzailea ere gaixotu, eta behera bidali zuten.
Hirugarren egunean, ingeles bat erreskatatzera irten behar izan zuten. Gailurra egin eta behera zetorrela, zirrikitu batean erori zen. Lagunak, ahituta, hego lepora jaitsi ziren. «Guk behetik dena ikusi genuen. Gau hartan atera behar genuen gailurrera, baina ingelesari laguntzea erabaki genuen. Bizitza salbatu genion».
Oxigenorik gabe ia
Laugarren eguna 23:30ean hasi zuten, gailurrerantz. Vallejok girotze arazo bat izan zuen, eta beherako bidea hartu zuen. «Azken metroak oxigenoarekin egitea erabaki genuen. Ni gaizki nindoan, atzeragotik. Ia goraino iritsitakoan, konturatu nintzen oxigeno botilaren giltza ireki gabe neukala, nerbioengatik eta eskularruengatik. Gailurrean, pozik; baina neurri batean, gero jaitsi egin behar zen eta».
Hego lepotik, parapentean jauzi egiteko asmoa zuen. Baina haizeak ez zion aukerarik utzi.
Everesteko espedizioaren 25. urteurrenean, Ataungo Aizkoate elkarteak hitzaldia antolatu du. Gaur 19:30ean izango da, Aizkoate soziedadean (San Martin auzoan). Marron eta Juan Vallejo alpinismoaren bilakaeraz mintzatuko dira, eta belaunaldiz belaunaldi aldatzen diren erronka berriak jorratuko dituzte.
Duela 25 urte, orduko erronkak gainditu zituzten Everesten.