Larunbatean finalerdiak jokatuko dira Zarautzen eta igandean finalak Urbeltzen. Adimen urritasuna zein fisikoa duten jokalariek parte hartuko dute nor bere modalitatean
Datorren igandean Euskal Pilota Egokitua Master Cup Irekiaren barruko finalak jokatuko dira Legazpiko Urbeltz pilotalekuan. Partidak 12:00etan hasiko dira eta sarrerak doan izango dira. Lehenengo aldia da pala txapelketa egokitua egiten dela. Iker Amarika antolatzailearen hitzetan, «gure asmoa urritasunak dituzten pertsonak pilota mundura erakartzea da. Beste kirol batzuetan aritzen dira eta euskal pilotara, palara bereziki, erakarri nahi ditugu».
Legazpiko alkate Koldobike Olabidek ohoretzat jo zuen txapelketako finala Legazpin egitea, «kirol egokitua bultzatzen tradizio handia dugu Legazpin». Hitzok udaletxean, atzo, rratsalde partean, egindako aurkezpenean esan zituen alkateak. Goizean aurkezpen berbera egin zuten Donostiako Aquariumean.
Amarikak eskerrak eman zizkion Legazpiko Udalari eta eskertu zuen, baita ere, Gipuzkoako Kirol Egokituaren federazioak emandako babesa, «haiekin batera gauzatu baitugu proiektu hau».
Txapelketaren lehenengo partidak Zarautzen jokatuko dira larunbatean, izan ere, Amarikaren hitzetan «topaketa baten moduan pentsatu dugu lehiaketa. Jokalariak elkartzeko aukera bat da, batzuk ezagutzen dute elkar, baina beste batzuk ez». Bi modalitate izango ditu lehiaketak. Alde batetik, adimen urritasuna dutenak lehiatuko dira. Hamabi pilotarik izena eman dute eta sei bikote osatu dituzte; hiruko bi multzo egin dituzte.
Beste modalitatean gurpil aulkian jokatuko dutenak daude. Haiek ere hamabi dira eta taldeak egiteko prozedura bera erabili dute antolatzaileek; sei bikote eta hiruko bi multzo.
Bikoteak emakumezkoek eta gizonezkoek osatuko dituzte. «Hori da txapelketaren beste alde positibo bat», Amarikak dioenez.
Zarautzen sailkatzen diren jokalariak izango dira Legazpiko igandeko finaletan; modalitate bakoitzeko final bat jokatuko da.
Puntako padel eta tenis jokalariek parte hartuko dute Zarautzen, eta sailkatuz gero Legazpin haiek ikusteko aukera egongo da. Porfirio Hernandez padeleko Espainiako txapeldun bizkaitarrak parte hartuko du, baita Juanjo Rodriguez teniseko Espainiako txapeldunak ere, Errioxakoa bera. «Ez dakigu nola arituko diren pala egokituan, baina Zarautzen egotea lortu dugu», esan zuen atzo Amarikak.
Euskal Telebistak 30 minutuko erreportaje bat egingo du Legazpiko finalari buruzkoa, eta uztailaren 15ean, igandea, arratsaldez emitituko du lehenengo katean.