Legazpiko Udalak Ekoscan ziurtagiria lortu du beste behin ere. Ziurtagiria existitzen ez zenean jarri zuten martxan eta urtero-urtero hobekuntza txikiak egiten dituzte hala udaletxean nola brigadan.
Legazpiko udal gobernuan alderdi bat egon edo beste bat, Agenda 21eko foroaren dinamika ez da aldatzen, eta ez dira aldatzen ingurugiroaren hobekuntzan eragiteko egiten dituzten ekintzak, txikiak izanda ere. Udalak Ekoscan ziurtagiria lortu du aurtengoan ere. Aitzitik, halako ekintza txikiak metatzen hasi zireneko garaietan ez zegoen, artean, Ekoscan bezalako ziurtagiririk.
Gaur-gaurkoz, kanpoko enpresa batek egiten duen Ekoscan auditoriak udaletxe barruan eta brigadan egiten dituzten hobekuntzei erreparatzen die.
Ingurugiroaren hobekuntzan alea jartzeko lehenengo urratsak brigadako langileen jardunean egin zituzten 2003an. 2006an udaletxeko egoitzan esku hartzen hasi ziren. Inma Hernandez Legazpiko udaletxeko ingurumen teknikaria da, «2006an hasi ginen auditoria hauekin. Legazpi eta Arrasate lehenengo udalerriak izan ziren». Urtero gutxienez bi helburu ezartzen dituzte ingurumen hobekuntza sustatzeko eta auditoriak benetan atzeman direla frogatzen du, «agiria lortzeko helburu bat bete behar da gutxienez».
Udaletxe barruan egiten diren hobekuntzak eta brigadan egiten direnak oso ezberdinak dira, «bakoitzean sortzen diren hondakinak oso bestelakoak dira. Udaletxean paper eta elektrizitate kontsumoak dira handienak. Brigadan, burdina, egurra zein baldosak ere izan daitezke». Hernandez udaletxe barruan egiten diren ekintzen arduraduna da eta Roberto Velasco brigadan egiten diren esku hartzeena. Orain udaletxe barruan egindakoen ziurtagiria eskuratu dute.
Metatutako gauza txikiak
«Gauza txikiak etenik gabe egiteko aitzakia da Ekoscan, eta gauza txiki asko metatuz gero, helburu handiagoak lortu daitezke», dio Hernandezek audi- toriaren filosofia azaltzeko. Udaletxe barruan berogailuen kontsumoa hobetzeko urratsak eman dira, led argiak jarri dira, paper kontsumoa jaitsi dute eta klororik gabeko paperaren erabilpena bultzatu dute, besteak beste. Egindako urratsen bidea luzeagoa da eta dagoeneko kopuruetan laburbil daiteke, hala nola udaletxeko argindar kontsumoa %13 jaitsi dute eta birziklatze tasa %99,45 da. «Udal langileak inplikatu egin dira eta ekintzak burutzeko komunikazioa ezinbestekoa denez, hori ere lagungarria da».
Aurtengo auditoriak jaso dituen hobekuntzak bi dira: bata, hiru bulegotako fluoreszenteak led argiekin ordezkatu izana eta energia kontsumoa %59 jaitsi izana; bestea, Urtatza auzoko 40. zenbakian arropa jasotzeko edukiontzia jarri, eta jasotze tasa %16 igo izana. Aurrera begira, hiru helburu berri ezarri dituzte: paper erabilpena murriztu, energia kontsumoa eraginkorragoa egin eta hondakin bereizketa oraindik ere hobeto egin.
Ekoscan auditoria eraginkorra bada, denborak hala egiten duelako da. Ekintza txiki asko, etenik gabe, hobetzeko.