Lazkaoko herri pareko erreka zatian jasoko dituzte hondakinak eta zaborrak. Gazte asanbladak antolatu du garbiketa. Goizeko hamarretan hasiko dira, eta lan egin dutenek bazkaria dute gero
Mundu guztian, urtean 8 milioi tona plastiko iristen dira itsasora, National Geographicen arabera. Berebiziko arazoak eragiten ditu horrek ekosisteman, baita faunan ere. Elikadura katera iristen dira mikroplastikoak.
Izurrite sintetiko horri aurre egiteko, lehenengo keinuak sumatu dira, lotsatiak eta indargeak oraindik: plastikozko zorroen kobraketa, adibidez. Lazkaon, urteak daramate natura-ingurunearen kutsaduraren kontzientziarekin. Duela bi hamarkadatik, urtean behin gutxienez Agauntza errekara jaitsi, eta parean aurkitzen dituzten hondakin guztiak jasotzen dituzte lazkaotarrek.
Azken urte askoan, Lazkaoko Gazte Asanbladak du hartuta bilketaren ardura. Auzolanean egiten dute, goiz batean. Larunbat hau izendatu dute erreka garbitzeko.
Goizeko hamarretan hasita
Iaz, adibidez, 25 bat lagunek parte hartu zuten. Zakar poltsa handiak eskuetan hartu, uretara jaitsi, eta Lazkaoko herri gunearen parea arakatuko dute, haizeak eramanda ala gizakiak arduragabe botata, hor pilatzen baitira gehienak. Pausoz pauso, bidean aurkitzen dituzten hondakin, zabor, plastiko eta osagai ez natural guztiak jasoko dituzte.
Goizeko hamarretan hasiko dira. Plazan elkartuko dira boluntarioak, eta erreka zatietara banatuko dira ondoren, taldeka. Ohitura duten bezala, plazan erakutsiko dituzte eguerdian bildutako hondakin guztiak.
Erreka garbitzen lan egiten duten boluntario guztientzat bazkaria jarriko du gazte asanbladak, ondoren.