Bele rockzaleak
Zegamarrei bele deitzen diete eta beleek luma beltzak dituzte, rockzaleek bezala. Baina rockaren sorreratik Zegamako lehen rock taldearen sorrerara ia 70 urte ...
Zegamarrei bele deitzen diete eta beleek luma beltzak dituzte, rockzaleek bezala. Baina rockaren sorreratik Zegamako lehen rock taldearen sorrerara ia 70 urte pasa dira. Itxaronaldiak merezi izan du, ordea. Belack taldeak ikusleak izerditan jarri ditu bere kontzertu guztietan.
Belack taldeak euskara eta ingelesa (rockaren jatorrizko hizkuntza) nahasten ditu. Beleak eta black hitzak hartuta sortu dute taldearen izena.
Belack bost musikarik osatzen dute: Xabi Arakama bateria-jotzailea, Santos Regil baxu-jotzailea, Ander Orue gitarra-jotzailea, Ibai Arrizabalaga gitarra-jotzailea eta Urko Agirre abeslaria. Gehienek 40 urte inguru dute, baina Arrizabalagak 25 urte ditu.
Rock talde hau iazko San Bartolome jaietan sortu zen. «Zegaman sortutako talderik ez dela egon gogoratu genuen eta Xabik bertsio taldea sortzea erabaki zuen», azaldu du Agirrek.
Berehala hasi ziren entseatzen. «Irailean hasi ginen elkarrekin jotzen. Musika eskolaren babesean hasi gara. Toberak Segurako kultur etxean dituen lokaletan entseatzen dugu», aipatu du.
Abesti ezagunak
Rock talde ezagunen abestiak jotzen dituzte. Hala, Agirrek ingelesez abesten du. «Erronka izan da, orain arte ez baitut sekula ingelesez abestu. Itoizen abestiren bat jotzen dugu, baina gehienak kanpoko taldeenak dira:?AC/DCren Highway to hell (euskaraz), The Rolling Stones taldearen Satisfaction, Status Quo-ren hainbat kanta, Pink Floyd, REM…».
Lehenengo kontzertua apirila erdialdean eman zuten eta ordutik beste hiru eskaini dituzte. Seguran, Zegaman, Iturmendin eta Donostiako Sagues auzoko garagardo azokan jo dute. Orain arteko kontzertuak arrakastatsuak izan dira, baina geldialdia egin behar dute. Izan ere, Arakamak Boikot taldearekin bira egin behar du.
Geldialdia abesti berriak prestatzeko erabiliko dute. «Kontzertu guztiak segidan jo ditugu eta ez dugu abesti berriak prestatzeko astirik izan. Egin beharra dugu, ordea. Izan ere, kontzertu guztietan abesti berberak jo ditugu. Ordu eta laurdeneko errepertorioa dugu eta luzatu beharra dugu», azaldu du Agirrek.
Gustura daude egiten ari diren lanarekin. «Musikariak eta zegamarrak izatea da lotzen gaituena. Baina orain arte oso musika ezberdinak jo ditugu eta ez genuen elkar ezagutzen. Hori dela eta, beldur pixka bat genuen. Baina primeran moldatu gara».
Gainera, jendeak primeran erantzun du. «Kontzertuetara joan den jendea oso gustura gelditu da. Lehen kontzertua musika ekipo oso onarekin jo genuen, Zegamako Udalak emandako laguntzari esker. Udala oso ondo portatu zen. Iturmendin eta Olarango festetan erabili genituen ekipoak xumeagoak ziren, baina kontzertu onak izan ziren. Eta Saguesen jendea eserita zegoen bitartean jo genuen. Baina kontzertu guztietan jendeak ondo erantzun du. Izan ere, gure abestiak oso ezagunak dira».
Esperientzia zabala
Belack taldeko musikari gehienek esperientzia zabala dute. Agirrek, adibidez, Urko ta Bihotzekoak taldearekin diskoa atera zuen duela urte batzuk. «Abesti batzuk sortu nituen eta Santosen laguntzarekin taldea sortu nuen. Bonberenean jo genuen, besteak beste. Baina nazkatu egin nintzen. Azken urte hauetan ez dut jende aurrean jo».
Arrizabalagak beste talde batean ere jotzen du, Arakamak talde askotan jo du (Etzakit, Obrint Pas eta Boikot besteak beste), Regilek ere talde askotan jo du…
Agirrek garai batean baino gehiago gozatzen ari dela dio. «Lehen beti helbururen bat jartzen genion gure buruari: diskoa atera, batera edo bestera joan… Gure burua gehiegi estutzen genuen. Orain gozatzen ari gara. Xabik kontaktu asko ditu eta kontzertuak bilatu gabe lortu ditugu. Talde honek ondo pasatzeko aukera ematen digu. Errepertorio honekin oso erraza da jendea gustura uztea. Hori oso pozgarria da guretzako», esan du.
Oraindik oso kontzertu gutxi egin dituzten arren, dagoeneko anekdotaren bat edo beste badute. «Saguesen, soinu proba egiten hasi bezain laister, isiltzeko eskatu ziguten. Izan ere, aldamenean moda desfile bat egin behar zuten eta Euskadi Gazteakoak musika jarri behar zuten beraientzat», gogoratu du.
Rock talde batzuk istiluak sortzen oso abilak dira, baina Zegamakoak ez dira halakoak. Berehala heldu ziren akordio batera.
Hurrengo kontzertua, seguru aski, herrian bertan egingo dute:?urriko Cava Festan. Ordurako errepertorio zabalagoa izango dute. Cava Festa izanik, ez litzateke harritzekoa izango abestiren bat katalanez abestea.