Elkartasunerako deia
Kilometroak jaiak eta euriak aho zapore gazi-gozoa utzi du antolatzaileen artean. Etorri zirenen babesa eskertu dute, elkartasunerako deia egitearekin bateraElkartasuna da Kilometroak jaialdiaren oinarrietako bat. Milaka herritarren elkartasunari esker...
Kilometroak jaiak eta euriak aho zapore gazi-gozoa utzi du antolatzaileen artean. Etorri zirenen babesa eskertu dute, elkartasunerako deia egitearekin batera
Elkartasuna da Kilometroak jaialdiaren oinarrietako bat. Milaka herritarren elkartasunari esker, Gipuzkoako Ikastolen proiektuari bultzada bat ematea. Eta egoera zailetan ere, elkartasunerako deia egiten dute. Hori da Urretxu-Zumarragako Ikastolak antolatu duen Kilometroak jaiaren biharamunak utzi duena. Euria eta giro goibela tarteko, espero zutena baino jende gutxiago etorri zen igandean. Hala, etortzerik izan ez zuten gipuzkoarrei elkartasunerako deia egin eta diru bilketa hasi dute.Antolatzaileek sentsazio gazi-gozoak izan dituzte. Gozoak, euria eginagatik, milaka lagun etorri zirelako Urretxura eta Zumarragara. Gazia, ordea, eguraldia ikusita jende asko etxean gelditu zelako. «Oztokoak oztopo, eguna lasai eta giro onean» joan zela azaldu dute. Euriak ez zuen «prestatutako egitaraua zapuztu», baina zenbait ekitaldi moldatu egin behar izan zituztela aitortu dute. Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak arratsaldean egitekoa zuen ekitaldia izan zen bertan behera gelditu zen bakarretakoa, «materiala kaltetzeko arriskua» zela eta.
Euriari aurre egin beharrak, «ezusteko politak» ere eman dizkiela azaldu dute antolatzaileek. Hala, ikastolako eraikina «gune inprobisatu» bihurtu zela azaldu dute, familia askok babesleku bezala baliatu baitzuten. Horietako askok, gainera, ikastolako jangelan bazkaldu zuten.
Beste alderdi onik ere ikusi dute Kilometroen antolatzaileek. Izan ere, «urte osoan egindako lanak» erakutsi duenez, Urretxu-Zumarraga Ikastolak «oinarri sendoak dituen komunitatea» osatzen duela azpimarratu nahi izan dute.
Iaz Oñatin egin zituzten Kilometroetan bildutako jendearen erdia etorri zen, gutxi gorabehera, Urretxura eta Zumarragara. Hori dela eta, antolatzaileek ez dituzte aurreikuspenak bete. Diru ekarpenak egiteko, hiru kontu korronte zabaldu dituzte, Kutxabanken, Laboral Kutxan eta Rural Kutxan.
Euriari aurre eginez
Kilometroen antolatzaileak eta boluntarioak ez ziren izan igandeko eguraldi kaxkarrari aurre egin behar izan zioten bakarrak. Musika taldeentzat ere ez zen egun erraza izan, askok kontzertua hasi zuten garaian, jendea aterpera ezkutatu baitzen. Hesian taldekoek beraien birako azken kontzertua zuten, eta eguraldia ikusita, «penaz» zeuden hasiera batean. Jendearen erantzuna ikusita ordea, eskerrak eman zituzten, «bira amaitzeko modu hoberik ez» dagoelako. Gozategi taldekoek ere esker ona agertu zuten, «horrelako egunek egiten gaituzte handi» esanez.
Bisitariek ere ez zuten beste konturik ahotan. Eguraldiari aurre eginez, aterkiekin eta euritako jantziekin babestuta etorri ziren besteak. Horien guztien ahalegina eskertu nahi izan dute.