Antonio Arrizabalagaren gorpuzkia Zumarragara ekartzea eskatu dute
Juventudes Socialistas taldeko kidea zen eta 1936ko gerran borrokatu zen. Zigor batailoi batean hil zen eta 1961ean bere gorpuzkia Erorien Haranera eraman zutenZumarragako Udalak Espainiako gobernuari Antonio Arrizabalaga Ugarte zumarragarraren gorpuzk...
Juventudes Socialistas taldeko kidea zen eta 1936ko gerran borrokatu zen. Zigor batailoi batean hil zen eta 1961ean bere gorpuzkia Erorien Haranera eraman zuten
Zumarragako Udalak Espainiako gobernuari Antonio Arrizabalaga Ugarte zumarragarraren gorpuzkia Erorien Haranetik herriko hilerrira ekartzea eskatu behar dio, familiak hala eskatuta.Gai hau astearteko osoko bilkuran landu zuten eta alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Arrizabalagaren senitartekoak bertan izan ziren.
Arrizabalaga Zumarragan jaio zen, 1911n. Trenbidean lan egin zuen. Bere amonarekin, amarekin eta arrebarekin bizi izan zen, lehenengo Legazpi dorretxean eta ondoren Ugarte-Enean. Etxe hau trenbide ondoan zegoen.
Juventudes Socialistas taldeko kidea izan zen eta Francoren aldekoak altxatu zirenean Errepublikaren alde borrokatu zen, Amuategi batailoiarekin.
Hainbat ekintzatan parte hartu zuen: Gernikan, Durangon, Lemoatxan, azpiegiturak suntsitzen altxatuei aurrera egitea eragozteko… Bere arreba Zallan egon zen errefuxiatuta eta han ikusi zuen azkenezkoz bere anaia.
Atxiloketa
1937ko abuztuan atxilotu zuten, Santanderren. Gaixo edo zaurituta zegoen, baina Zaragozara bidali zuten, zigor batailoi batera. Han hil zen, 1937ko azaroaren 17an, sukar tifoideek jota. Zaragozako Torrero hilerrian lurperatu zuten eta 1961eko otsailaren 28an bere gorpuzkia Eroriren Haranera eraman zuten. Familiari ez zioten ezer esan eta 45 urte geroago jakin zuten.
Familiak gorpuzkia Zumarragara ekarri nahi du eta, horretarako, udalaren laguntza izango du. Iñigo Jaka ilobak hitza hartu zuen udalari eskerrak emateko. «Udal honek osasun demokratikoa duela erakutsi du eta eskerrak eman nahi dizkiogu. Gure panteoian bere izena jartzen du, baina bere gorpuzkia ez dago bertan. Panteoia zain du».
Arrizabalagaren senitartekoak Silvia Navarrorekin joan ziren osoko bilkurara. Emakume hau errepublikazaleen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko borrokatzen ari den elkarteko kidea da. «Traba asko jasaten ari gara, baina gorpuzkiak handik atera behar dira. Dagokien tokira itzuli behar dira. Gurea dena itzultzea besterik ez dugu nahi», esan zuen.