Igartza literatur bekaren azken emaitza, Miren Amurizaren ‘Basa’ eleberria
Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duen bekak 22. edizioa izango du aurten. Idazle bizkaitarrak helduentzat idatzitako lehenengo liburua da
2017. urteko Igartza literatur sorkuntza beka irabazi zuen Miren Amuriza bizkaitarrak Paperezko txoriak proiektuarekin. Urte eta erdi beranduago iritsi da emaitza: Basa. Helduentzat idatzi duen lehenengo eleberria da. Liburuaren izenetik hasita, mamiak ere aldaketak izan ditu. Amurizaren esanetan, «apaltasun lezio handia» izan da liburua idazteko prozesua: «Idaztea puzzlea egitea bezalakoa zela uste nuen. Egunero idazten nuenez, uste nuen banekiela idazten, puzzle handiago egitea zela. Lehenengo puzzlearen markoa egin, eta ondoren, barrua pertsonaia eta gaiez betetzea zela uste nuen».
Hala ere, berehala konturatu zen puzzlearen markoa handiegia jarri zuela proiektuan, ideia gehiegi sartu nahi zituela. Beraz, «ideien soilketa lana» egin eta puzzle txikiagoa egitea erabaki zuen, istorio edo gai gutxiago kontatzea. Hizkerarekin ere gauza bera gertatu zaio, eta ahalik eta hitz gutxien erabilita, ahalik eta gauzarik gehien esaten saiatu da Amuriza. Era horretan, eleberriaren ezaugarriak aipatzerakoan, «trinkoa, hautemangarria eta direktoa» dela aitortu du.
Lokatza eta basatia
Altzerreka baserrian kokatzen da istorioa, Lekeitio ondoko herri txiki batean. 80 urteko Sabina Gojenola «andre basaren» bederatzi egun kontatzen ditu bederatzi kapituluetan eta bertan jasotzen du, «nola heltzen den andre bat hain basa izatera». Basa hitzaren adierak azalduz hasten du liburua. Batetik, domestikatu gabe, menderakaitza esan nahi du, mendian edo basoan naturalki hasten dena, salbaia, ez zibilizatua, biolentoa. Eta bestetik, lokatza esan nahi du. «Bi esan nahiek bat egiten dute Sabinaren kasuan».
Zaintza ardatz
Alarguna da Sabina eta Amerikan artzain ibilitako Henry koinatua –baserriko semea– zaintzen du, zangoa apuntatu ziotenetik ohean datzana. Sabinak ebakuntza txiki bat izan du eta zaintzalearen roletik, zainduaren rolera pasako da. Zaindua denean sortutako talkak eta tentsioak izango dira liburuaren ardatz: seme-alabek egunerokoa erraztu nahi dioten arren, uko egiten dio modernitateari, erosotasunari, inork ezarritako arrastoan sartzeari… Etxekoekin dena du errezeloa, ika-mika eta tentsioa; auzokoekin, dena liskar eta norgehiagoka.