Bi emakumezko atxilotu dituzte Ordiziako denda batean lapurtzen saiatzeagatik
Bidaia-agentzia bateko erakusleihoa puskatu eta atea behartzen saiatu dira. Lekuko batek atentzioa eman die eta berak eman dio abisua Ertzaintzari.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, bi emakumezko atxilotu dituzte bart Ordizian, herriko bidaia-agentzia batean lapurtzen saiatzea leporatuta. Informazio horren arabera, lapurrek saltokiko erakusleihoa puskatu dute, eta lekuko batek atentzioa eman dienean, ihes egin dute.
Herritar batek Ertzaintzari deitu dio; bi agente handik gertu zebiltzan, eta atxilotu egin ahal izan dituzte bi emakumezkoak. Erakusleihoa hautsita eta atea behartuta zegoela ikusi ahal izan dute gero. Atxilotuak, 19 eta 37 urteko emakumezkoak dira, eta datozen orduetan utziko dituzte epailearen esku.