Zer eskatuko zenioke zure herriko hurrengo alkateari edo udalari?
Alderdiek eman dituzte beraien mezuak, baina zein dira benetan herritarren kezkak? Zer eskatzen diete erakundeei? Kalera atera da GOIERRIKO HITZA eta dozena bat herritarrei egin die galdera.
«Aparkalekuekin dagoen arazoa konpontzeko eskatuko nioke»
Paco de Miguel (Zumarraga)
Nik aparkalekuekin dagoen arazoa konpontzeko eskatuko nioke. Secundino Esnaola kalean bizi naiz eta Ibaiondon sarrera-irteera bakarra dagoenetik, sekulako arazoak sortzen dira. Zorionez, guk garajea dugu. Bestalde, La Sallen autobusentzako tokia gorde zuten eta dagoeneko ez dago autobusik».
«Eraldatze gunea martxan jartzea eskatuko nieke Goierriko udalei»
Josetxo Mendia (Beasain)
Eraldatze zentroa martxan jartzea eskatuko nieke Goierriko udalei. Zaldibian eraldatze zentroa badago, baina martxan jarri gabe. Eszedentea daukagun momentuan, eraldatu ahal izango genuke, osasun zigiluarekin kontserbak edukitzeko modua baita. Gure sektoreari bultzada emateko modua da».
«Politika oso urrunekoa bihurtu zaigu egunerokoan herritar xeheoi»
Rocio Yaguas (Legazpi)
Zertarako eskatu? Noiz eta orain, herritar xeheoi politika horren urrunekoa bihurtu zaigun honetan? Eskubideetan atzera egiten ari garenaren irudipena daukat, are, aurrehistoriara eta esklabotzara. Nola babesten gaitu politikagintzak gure eskubideak desager ez daitezen?».
«Alderdien arteko adostutasuna beharrezkoa da herritarrentzat»
Manoli Perlines (Ordizia)
Udal agintariei adostasunera iristea eskatzen diet. Alderdi guztiek ados jarri beharko lukete eta hori gertatzeko gogoa jarri beharko dute. Adostasuna balego, gauza asko konponduko lirateke, proiektuak ere aurrera aterako lirateke. Adostasun ezak Ordiziari eta ordiziarrei eragiten digu».
«Norabide berdinean lanean jarraitu dezatela eskatuko nieke»
Nagore Aramendi (Altzaga)
Orain arte udalean daudenek gauza asko egin dituzte, eta herri txiki bezala, lana oso-oso ondo egiten ari dira. Nik behintzat, kexarik ez daukat. Norabide berdinean jarraitu dezatela, herri txiki bezala, elkartasun hori mantentzeko, eta etortzen diren diru laguntza txiki horiekin gauza txikiak egiten joateko».
«Herri erdigunea bakarrik ez, beste auzoak ere begiratu ditzala udalak»
Mertxe Agirre (Lazkao)
Herrian behar diren gauzei kasu egiteko eskatuko nioke. Eta auzoei arreta jartzeko, oraindik auzo batzuk beste batzuk baino aparteago daudelako. Herriko erdigunea bakarrik ez, beste auzoak ere begiratu ditzala. Eskean ibili gabe, bueltatxo bat eman eta ikusita bakarrik nabarmen da zer falta den».
«Txukuntasuna, eta erabakietan oso zintzoak izan daitezela nahi dut»
Eukeni Lasa (Lazkao)
Txukuna eta garbia izateko eskatzen diot udalari. Hartu behar dituzten erabakietan oso zintzoak izan daitezela. Hemengo alkatea zein izango den pentsatzen dut, eta oso minduta eta disgustuz nago, alde batetik bestera pasatzea ez dut onartzen. Bestela, garbitasuna eta txukuntasuna, besterik ez».
«Kirol azpiegiturak egoera oso txarrean daude eta hobetzea eskatuko nuke»
Dorleta Oiarbide (Ordizia)
Ordiziako kirol azpiegiturak ez daude oso ondo . Atletismoa egiten dut eta Majori kiroldegiko erabiltzailea ere banaiz. Azkenaldian, entrenatzeko arazo ugari izaten ari naiz. Bestalde, Majori kiroldegia egoera oso txarrean dago une honetan. Horrekin guztiaren zerbait egin beharko dute».
«Zakur jabe batzuk ez dituzte lotzen eta ez dituzte kakak jasotzen»
Maria Jesus Urzelai (Urretxu)
Gauza asko egiten ari dira, baina gehiago egin daitezke oraindik. Gurutze Santuko obra bukatzen dutenean, bertatik Jauregi kalera joatea egun baino erosoagoa izatea espero dut. Bestalde, gure etxe ondoan zakur asko ibiltzen dira eta batzuk ez dituzte lotuta eramaten eta ez dituzte kakak jasotzen».
«Zerbitzu publikoak ez pribatizatzea eta legazpiarrei babes gehiago ematea»
Erika Adrian (Legazpi)
Legazpiarrontzat babes gehiago eskatuko nuke. Udaletxe aurrean nago, eta leihoetako kristalak nork garbituko ote dituen galdetzen diot nire buruari. Zerbitzu publikoak ez lituzkete pribatizatu behar eta bertako jendeari, lanposturik ez dutenei, zerbitzu publikoen bidez irtenbide bat eman».
«Oriamendi kalea bi noranzkotan jarriko nuke, auto ilarak egiten dira»
Igor Goia (Beasain)
Oriamendi kalean trafikoa bi noranzkotan jartzea eskatzen diot udal gobernu berriari. Lanera autoan joaten naiz eta ordu jakin batzuetan auto ilara handiak egiten dira, lehen zegoen bezala hobeto zegoela uste dut. Kale horretan lehen aparkaleku gehiago zegoen, hobe zegoen lehen bezala».
«Denbora luzeko langabetuentzat laguntza gehiago behar da»
Victor Arce (Ordizia)
Langabezian denbora asko daramat, 51 urte ditut, ezkonduta nago eta hiru seme-alaben aita naiz. Diru laguntzarik ez dut eta horrelako egoeren aurrean laguntza eskatzen dut. Soldata bat sartzen da nire etxean eta bizimodua dagoen bezala egonda ez da batere erraza aurrera egitea».