Koronabirusa munduan goierritarren ikuspegitik
Begoña Martinez legazpiarra Dubain bizi da familiarekin; han ere etxean konfinatuta daude, baina hemen baino lehenagotik eta neurri zorrotzagoekin. Senarra Bergamora joana zen, eta ezin da itzuli.
Koronabirusa mundu osoan hedatu da, eta Euskal Herrian bezala, gainerako herrialdeetan ere neurri gogorrak hartu dituzte agintariek pandemia honi aurre egiteko.
Pandemiak toki ezberdinetan eragindako ondorioen berri ematen ari dira komunikabideak, baina leku horietan bizi direnen testigantzak zuzenagoak dira. Begoña Martinez legazpiarrak Arabiar Emirerri Batuetan bizi duten egoera kontatu du.
Senarra, Italian
Begoña Martinez Hernandez (Legazpi, 1972) Dubain bizi da. Filippo Lussana senar italiarraren lanak eraman du familia hara. Elektrizitatearen alorreko enpresa batean egiten du lan, eta Bartzelonan, Frantzian, Italian eta Egipton bizi ondoren iritsi ziren Dubaira. Martinez ere enpresa berean ibili zen; orain italiar broker batentzat egiten du lan, etxetik webguneaz arduratuz. Bi seme-alaba dituzte, Emma eta Luca, 13 eta 11 urtekoak.
Senarra Bergamokoa da, koronabirusak Italian gehien jo duen hirikoa hain justu. Aita gaixotu egin zitzaion eta hura ikustera joan zen. Zoritxarrez, hil egin zen, eta bera etxera itzuli ezinik geratu zen bertan.
Lau aste baino gehiago daramatza bananduta familiak, senarra Italian eta emaztea eta bi seme-alabak Dubain. Senarraren bidez, Martinezek gertu-gertutik ezagutzen du Italiako egoera, «han Espainian baino bi aste lehenago hasi ziren kontu honekin, eta ez dut ulertzen nolatan ez zuten abantaila hori baliatu espainiar agintariek, akats berberak egin dituztela iruditzen zait». Italian, une gogorrenetan «bataila eremu» baten erdian bizi zirela zirudien, senarrarekin hitz egiten zuenean anbulantzien sirenak eta helikopteroak etengabe entzuten zirelako.
Lussana familian bi mediku daudela ere azaldu du Martinezek, Milango eta Bergamoko ospitaletan lan egiten dutenak. Haiekin hitz egitean, hango errealitatearen gogortasunaz konturatzen dela dio, eta horregatik gaixotasun honen inguruan gehiago kontzientziatu dela.
Dubain, denak etxean
Dubain, bitartean, lau aste daramatzate konfinamenduan. Eskolak martxo hasieran itxi zituzten, eta klaseak etxetik jarraitzen dituzte, «oso ondo prestatuta daude ikastetxeak horretarako». Azken berrien arabera, eskolak itxita egongo dira irailera arte.
Krisialdi hau hasi zenean, «Emirerri osoan 28 kutsatu zeudela jakinarazi zuten», gogoratu du legazpiarrak, eta kopurua oso poliki, baina hazten joan da. Alde horretatik, informazio gehiegirik ez dutela ere kexu da, baina «eskertzekoa» ere badela dio; «Italia eta Espainiako albisteak ikusten ditudanean, informazio gehiegi ematen dutela iruditzen zait». Dubain, «informazio gutxi eta oso argia» ematen dute, eta herritarrek asko errespetatzen dute esaten dutena. «Hau ez da demokrazia bat; lehengo batean etxean geratzea ez zela aukera bat esan zuten».
Supermerkatuak eta farmaziak zabalik daude, baina konfinamendu egoera «geroz eta gogorragoa da, orain kalera irteteko baimena eskatu behar dugu aplikazio baten bidez, eta maskarak eta eskularruak eraman behar ditugu; kontrol gehiago daude eta isunak jartzen dituzte». Enpresetan, berriz, langileen %80 edo gehiago etxetik ari dira lanean, gehienak zerbitzuen alorrekoak direlako.
Prebentzio neurrietan diru asko gastatzen ari direla esan du, eta besteak beste, dronak erabiltzen dituzte kaleak desinfektatzeko, «hori guztia hemen ospatu behar den Expo 2020-ari begira, nire ustez».
Osasun arloari dagokionez, Martinezen iritziz agintariak beldur dira sistema kolapsatu egingo ote den, «klinika pribatu asko dago, eta gure aseguruek horrelako epidemia kasuak ez dituztela estaltzen uste dut». Herrialdea gaztea dela ere esan du, oso jende adindu gutxi dagoela, eta hori alde dutela.
Bananduta badaude ere, familia hau pribilegiatua dela dio; etxean lorategi bat dute, eta oraindik bero handia egiten ez duenez, denbora asko igarotzen dute han. Konfinamenduari aurre egiteko, beste tokietan bezala, telebista, play station-a, mahai jokoak, liburuak eta musika dituzte, baita Internet bidez jarraitzen dituzten gimnasia klaseak ere. Ondo daude, baina egoera honetatik irteteko «ekaina iritsiko da», dio Martinezek amaitzeko.