EH Bilduk elkarretaratzea egingo du bihar Igartza Oletako lanen kontra
Koalizio abertzaleak kaleak oinezkoentzat izan behar dutela dio. Udalak herritarren artean funtsik ez duen nahasmena sustatzea leporatu die. Lanak hastear dira
EH Bilduk elkarretaratzea egingo du bihar, 12:30ean, Igartza Oleta kalean. Datozen asteetan hasiko dira kalean bi norabideak berreskuratzeko lanak. Errepidea zabalduko dute, baina espaloiari tokirik ez kentzeko, Oria ibaiaren gainean erlaitza bat eraikiko dute. «Hiru helburu nagusi lortu nahi dira; oinezkoen segurtasunean eta ingurumenean aurrerapausoak ematen jarraitzea, herriko sarbidean gure ondarea ikusaraztea eta herri barruko trafikoaren puntu beltzak arintzea», esan du udalak. Koalizio abertzaleak proiektua ez du begi onez ikusten eta arrazoiak emateko eta euren desadostasuna adierazteko Igartza Oletan bertan elkartuko dira.
Desadostasuna zuritzeko hainbat arrazoi eman dituzte: «ingurumenari kalte atzeraezina» egingo zaiola diote. «Metro batzuetan zoruak erreka estaliko du, errepideak eta espaloiak beharrezko neurriak izan ditzaten. Europatik zentzu honetan datozen aholkuak errekak bistaratzekoak dira. Gurean, ordea, erreka-gaina estaliko da». Udalak erantzun die erreka ez dela estaliko: «hegalak gehienez metro ingurua hartuko du zenbait lekutan». Ur agentziako teknikoen oniritzia duela egitasmoak gaineratu dute. «Proiektuari baldintza bat jarri zitzaion; obrak hidraulikoki onura ekarri behar zion errekari, bestela ezinezkoa zatekeen obra burutzea», azpimarratu dute. Alegaziorik ez dela aintzakotzat ere aipatu dute. EH Bilduk dio kontrako ekarpenak jaso dituela egitasmoak, «natur ingurumena nabarmen kaltetzen delako eta eremuko natur aberastasunean eragina duelako. Bat egiten dugu kontrako ekarpen honekin».
Koalizioarentzat garestia da lana eta halako gastu bati egungo egoeran heltzea «arduragabekeria» dela esan dute. «Krisi batean murgildurik, lehentasunak herritarren ongizatean jarri beharko liratekeen honetan horrelako gastua egitea ez zaigu bidezkoa iruditzen». Bi aldeak ez dira ados jartzen obrek izango duten kostuarekin: EH Bilduk dio 443.000 eurokoa izango dela, hasierako 93.000 euroko aurrekontuari 350.000 euroko partida gehitzea onartu baitzen iazko iraileko plenoan. Udalak 354.571,73 eurotan esleitu direla obrak zehaztu du, ia 90.000 euro gutxiagoan. «Plan orokorraren aurrerakinean ez du inolako alegaziorik jaso eremu honek eta Mugikortasun mahaiak egindako lanketaren txostenean ez zaio inolako aipamenik egiten», erantzun diete jeltzaleek. Koalizioarentzat «kontrajarria» da mugikortasun mahaia lanean diharduen bitartean halako erabakiak «lanketaren gainetik hartzea».
Herritarrentzat izango duen eragina ere ez dute berdin ikusten. Udalarentzat positiboa izango da, herriko puntu beltz bat ekidingo delako. Orain Usategi kaleko zubira 90 graduko bihurgunea egin behar dute autoek, eskuinetara, eta oinezkoekin eta txirrindulariekin gurutzatzen dira. «Herriko goiko kaleetan bizi direnak, gune arriskutsu horiek gurutzatu behar dituzte derrigor euren etxeetara joateko. Norabide bikoitzak ibilgailu guzti horiek herrirako sartu irtetea zuzenago egitea ekarriko du, ingurugiroan ere eraginez ezbairik gabe eta ondorioz herritarren ongizatean eta bizi kalitatean». Oposizioak dio trafiko ikerketak ez zuela hobekuntza nabarmenik atzeman eta oinezkoei espazioa kenduko dietela, «kotxeak herri barnera bideratuz».
Atzera, bi noranzko
Beasaingo Udalak EH Bilduri leporatu dio herritarrak nahasten ari dela, proiektuaren irakurketa partzialekin eta xedeen itxuraldaketarekin informazio okerra hedatzen ari direlako. «Dinamika hauetatik urrunduz, Udal gobernuak etorkizuneko Beasain, erakunde, alderdi, eragile eta herritar guztiekin lankidetzan marraztearen alde lan egiten jarraituko du», diote udaletik.
Igartza Oleta kaleko errepideak bi norabide izan zituen iraganean. Beasaingo Udala, EAJ buru, aspalditik dabil bi noranzkoak berreskuratzeko asmoak egituratzen. Orain, Dolarea parkearen konponketa lanekin batera egingo dituzte. Inguru guztia eraldatuko da, hortaz.