Gidaririk gabeko lehen Irizar autobusa estreinatu dute Malaga hirian
Benetako zirkulazio egoeran erabili dute eta hala edukiera handiko autobus autonomoa duen Europako lehen hiria izango da. Kontrol zentro batera konektatuta egongo da ibilgailua
Irizar Taldeak gidaririk gabeko Europako lehenengo autobusa martxan jartzeko proiektuan parte hartu du. Atzo estreinatu zuten Malagan (Andaluzia, Espainia), ohiko trafikoan, eta horrela autobus autonomoa duen Europako lehen hiria izango da. Irizar ie bus modeloa da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. Malagako Udalak eta Avanzak jarri dute martxan. Duela lau urte ekin zioten proiektuari.
Espainiako Zientzia eta Garapeneko ministerioko CDTI erakundearen CIEN programaren bitartez finantzatu dute proiektua, AutoMOST izenekoa, eta Irizarrez gain, beste hainbat enpresa eta erakundek hartu dute parte. Avanza zerbitzuak kanpora ateratzeko enpresak operadore gisa jardun du, hamaika bazkiderekin batera. Tartean, Irizar Taldea: Irizar e-mobility eta Datik proiektuaren garapenean aritu dira. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak, Insiak, CEIT-IK4K-k eta Vigoko Unibertsitateak ere parte hartu dute.
Irizar Taldeak hedabideetara helarazitako ohar batean adierazi duenez, «mugarri bereizgarri bat» ezartzen duten bi ezaugarri ditu proiektuak: batetik, gidaririk gabe bidaiariak garraiatzeko gaitasuna duela; eta bestetik, ibilgailu, oinezko eta azpiegiturekiko elkarreragina hartu duela kontuan, Malaga hiriko benetako baldintza eta trafiko egoeran jarri dutelako martxan.
Kontrol zentroa
Autobus autonomoak doitasun handiko posizionamendu eta gidaritza sistema bat erabiliko du, eta uneoro kontrolpean egongo da, kontrol zentro batera konektatuta egongo baita. Horrela, unitate bakoitzari jarraibide zehatzak emateko aukera izango dute, eta baita autobusa monitorizatu eta egiten duen ibilbidea denbora errealean ikusteko ere.
Garraio Sistema Adimenduen Sozietateak ITS arloko Industria Garatzeko Saria eman dio AutoMOST proiektuari kontrol sistemengatik. Oharrean azaldu dutenaren arabera, etorkizuneko ibilgailu automatizatuetan kontrol partekatuko sistemak ezartzea ahalbidetuko du AutoMOSTek: «Mugikortasun iraunkorra, konektatua, segurua eta autonomoa izango da».