Enbaren ustez, abeltzainak eta abeltzaintza "mendiaren kontserbazio politikaren erdigunean kokatzeko garaia da"
Gipuzkoako Enba nekazal sindikatuak pozez hartu du Tolosako auzitegiaren autoa, eta babesa eta esker ona adierazi die "mendiko abeltzainen bizimodua hobetzen" jardun ziren agintariei.
Gipuzkoako Enba nekazal sindikatuak ere bere iritzia plazaratu du Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegiak emandako autoaren aurrean. Pozez hartu du Intzesaro-Saltarri pistaren aurkako salaketa behin betiko artxibatzea, eta adierazi du “abeltzainak eta abeltzaintza mendiaren kontserbazio politikaren erdigunean kokatzeko garaia” dela.
Era berean, babesa eta esker ona adierazi die “mendiko abeltzainen bizimodua hobetzen jardun ziren agintariei”, eta Eguzki talde ekologistari eta Landarlan ingurumen elkarteari eskatu die “abeltzainentzat lan eta bizi baldintzak duintzeko erabakiak epaitegi bitartez oztopa ez ditzaten”. Bi talde horiek Eniriotik Igaratzarako pistako lanen aurka jarritako salaketa “berehala erretira” dezaten ere eskatu du.
Hauxe da, hitzez hitz, Enbak kaleratu du oharra.
Aralarko pistaren aurkako salaketa behin betiko artxibatu ostean, orain, epaitegi bideak utzi eta, abeltzainak eta abeltzaintza mendiaren kontserbazio politikaren erdigunean kokatzeko garaia da, Enbaren ustean
Gipuzkoako Enba nekazal sindikatuak bere poza agertu nahi du Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiak emandako autoaren aurrean. Autoan, Eguzkik eta Landarlanek Aralarren Saltarriko mangarainoko pista egiteko lanen aurka jarritako salaketa alboratu eta behin betiko artxibatu egiten du, egindako lanak lege barruan egin zirelako eta naturaguneak babesteko indarrean dauden arau guztiak errespetatuz.
Autoaren arabera, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño, garai hartan Ingurumeneko zuzendari zen José Felix Asensio eta Enirio-Aralar Mankomunitateko presidente zen Jose Miguel Santamaría absolbituak izan dira.
ENBAtik, otsailen behin behineko autoaren aurrean egin genuen bezala, gure babesa eta eskerrona berretsi nahi diegu euren erabakiekin mendiko abeltzainen bizimodua hobetzen jardun ziren agintariei, Aralarko abeltzainen bizimodua duintzea izan baitzuten bere jokabidearen helburu bakarra.
Azkenik, ENBAtik dei egiten diegu salaketak jarritako Landarlan eta Eguzki talde ekolojistei, abeltzainentzat lan eta bizi baldintzak duintzeko erabakiak epaitegi bitartez oztopa ez ditzaten eta ildo horretatik, Eniriotik Igaratzarako bidea egokitzeko lanen aurkako salaketa berehala erretira dezaten.
Aspalditik esaten ari garen bezala, abeltzain jarduera da babestutako naturguneen zaintza eta mantenuaren berme nagusia eta hain zuzen horrexegatik, uste dugu bai talde kontserbazionistek epaitegi bideetatik bai Enirio-Aralar Mankomunitateak bere jardunarekin onartu beharrean daudela mendiaren aliatu hoberenak abeltzainak eta bere azienda direla.