Enpresa elektrikoen «lapurretaren» aurkako itzalaldia
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako hainbat alderdik deitu dute. Bihar egingo dute, 22:00etan. EH Bilduk herritarrak parte hartzera animatu ditu
Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko hainbat alderdik, tartean EH Bilduk, itzalaldia eta lapiko-jotzea deitu dituzte, enpresa elektrikoak egiten ari diren «lapurretaren» aurka. Protesta ostiralean izango da, 22:00etatik 22:30era.
EH Bilduk nahikoa dela esateko ordua iritsi dela uste du. «Azken asteetan argindar enpresa handiak egunez egun argindarraren prezioak igotzen ari zaizkigula ikusten ari gara. Ez dago markak apurtzen ez dituzten egunik. EH Bildutik, nahikoa dela esateko unea iritsi dela uste dugu, elektrikoen lapurretaren aurrean planto egiteko unea iritsi dela».
Herritarrak protestan parte hartzera animatu ditu. «Ostiralean, 22:00etan, Euskal Herriko herri eta auzo guztietan itzalaldi bat eta lapiko-jotze bat izango dira, enpresa elektriko handiak herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura egiten ari diren lapurretaren aurrean ez garela besoak gurutzatuta egongo salatzeko. Argindarraren prezioa ezartzeko behar besteko subiranotasun energetikorik ez dugula salatuko dugu».
EH Bilduk alderdi handien jarrera ere salatu du. «Espainiako Estatuan alderdi handiek ez dituzte enpresa elektrikoen botere eta diru nahiak geldiarazten eta ez dugu ahaztu nahi alderdi horietako ordezkari esanguratsuak daudela enpresa elektrikoen administrazio kontseiluetan. Salaketa honetan ez gaude bakarrik. Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko indar independentistok indarrak batu nahi izan ditugu eta ostiraleko protesta ekitaldia aldi berean egingo da hiru herrialde horietan».
Oinarrizko eskubidea
EH Bilduk enpresa elektrikoei nahikoa dela esateko ordua iritsi dela deritzo. «Bada garaia erakusteko gure herrian ez dugula uzten gehiengoaren eskubideekin jolasten (energia arrazoizko prezioan eskuratzea oinarrizko eskubidea delako), gutxi batzuk poltsikoak betetzen dituzten bitartean. Ostiralean herritarrek bizitza duinak izan ditzaten borrokatzen duen herri duina garela erakutsiko dugu».