Aldundiak kanal berriak jarri ditu, GI-631eko mozketen berri emateko
Gipuzkoako Foru Aldundiak kanal berriak jarri ditu martxan, GI-631 errepidean egiten ari diren lanak direla eta egon daitezkeen bide mozketen berri denbora errealean emateko. Errepide horren erabiltzaileei mozketa horien dataren eta ezaugarri zehatzen berri emateko, Twitter-en @631_Aizpurutxo kanala gaitu da. Errepidearen egoera denbora errealean kontsultatu ahal da.
Horrekin batera, WhatsApp banaketa-zerrenda bat ere aktibatu da, eta bertatik errepidea noiz itxi eta noiz irekitzen den jakinarazten duten mezuak igortzen zaizkie erabiltzaileei. Interesa duen edonor sartu ahal da bertan. Horretarako, aplikazio horretan bertan, 672 690 564 telefono zenbakira mezu bat bidali behar da.
Ekainaren 3an hasi ziren Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen errepideko 26,600 eta 27,800 kilometro-puntuen arteko aurreratze-zatia eraikitzeko lanak. Hondeaketak egiteko leherketak direla eta, ezinbestekoa da zenbait momentutan GI-631 errepideko kilometro-puntu horien arteko zirkulazioa erabat etetea.
Leherketa normaltasunez egiten bada, errepide mozketek ordubete baino gutxiago iraungo dute. Errepidea trafikoari irekita dagoen aldietan ibilgailuek bi noranzkoetan pasatzen jarraitzen dute, txandaka eta semaforo bidez kontrolatuta.