Kulturen arteko topaketa bete-betea dator
60 eta 70eko hamarkadako etorkinen bizi-istorioak jasotzen dituen erakusketa zabaldu dute D'Elikatuzen. Hilaren 13an protagonisten ahotik entzun ahal izango dira istorioak. Kontzertua eta mahai-ingurua ere egingo dituzte
Kulturen arteko bosgarren topaketari hasiera eman diote Ordizian, D’Elikatuz zentroan egin duten ekitaldian. D’Elikatuz aukeratu dute, bertan baitago Ordizia harrera herria. Bizitza istorioak, herri baten ondarea izeneko erakusketa; «bertan, 60-70. hamarkadetan Espainiar Estatutik etorri zirenei zein egun munduko beste lurraldeetatik etortzen direnei aitortza bat egingo diegu, Ordiziaren ondarea direlako», azaldu du Ainhoa Jimenez, Ordiziako Udaleko aniztasun zinegotziak.
Jatorri desberdinetako zenbait ordiziarren istorioak jaso dituzte erakusketan. Etorritakoez gain, Ordizia utzi eta beste lurralde batetara joandakoak ere aurki daitezke. «Aberasgarria da ikustea ondare horrek bizirik jarraitzen duela», gehitu du Jimenezek. Azaroaren 7ra arte ikusgai egongo da.
Bosgarren Topaketak, egitarau oparoa izango du. Ainara Ormaetxea aniztasun saileko teknikariak, horrelako ekintzak antolatzearen garrantzian azpi- marra egin du: «Elkarbizitza, eguneroko zerbait da, eta gure urratsa da, elkar ezagutzarako espazio hauek sortzea».
Egitarau betea
Ondorengoa izango da egitaraua: Urriaren 13an, Bizi Istorioen kontaketak; urriaren 16an, Hezur Beltzak taldearen emanaldia; urriaren 21ean, ipuin kontaketa saioa Mertxe Aizpuruarekin; urriaren 27an, Nortasuna berreraikitzen izenburupean mahaingurua, Jon Maiak gidatua; azaroaren 3an, ipuin kontaketa; azaroaren 6an, munduko jantzien desfilea; eta azaroaren 14an Bizilagunak ekimena.