COVID-19aren inguruko beste iritzi batzuk plazaratu dituzte Beasainen
Bizitza Plataformak antolatuta, Plazaz Plaza ekitaldia egin dute. Idoia Larrañaga terapeuta, Jon Ander Etxebarria biologoa eta Euskadiko Biologoen Elkargoko dekano ohia, eta Mikel Alzuart abeltzain eta bertsolaria izan dira hizlariak.
Bizitza Plataformako Goierri Beheko taldeak Plazaz Plazako ekitaldia antolatu du, COVID-aren beste ikuspegia ezagutzera emateko helburuarekin. Idoia Larrañaga terapeuta, Jon Ander Etxebarria biologoa eta Euskadiko Biologoen Elkargoko dekano ohia, eta Mikel Alzuart abeltzain eta bertsolaria izan dira hizlariak.
Bertsio ofizialetik harago, beste ikuspuntu batzuk ere badaudelako, eta hori plazaratu nahian, Beasainen elkartu dira. Mikel Alzuartek, txertoek animaliengan sortzen dituen ondorioen inguruan, eta birusen jokamoldeaz mintzatu da, batik bat. Bera izan da lehena hitza hartzen hitzaldian.
Idoia Larrañagak helarazi du, azken urte eta erdian gertatzen ari dena “oso-oso larria” dela; “sarraski bat egiten ari dira, milioika hildako daude, hilabete gutxi hauetan txertoek sortu dituzte Estatu Batuetan, Europan eta Erresuma Batuan 40.000 hildako erregistratuak daudenak,…”. Larrañagak, “kezka handia” agertu du; “ez dakigu epe labur eta luzera txertoek zer ekarriko duten”.
Kezka baita ere, orain arteko urte eta erdi honetan COVID-19aren hedatzea saihesteko Gobernuek hartu dituzten erabakiek eta neurriek “gizartean eta batez ere haurrengan duten ondorioengatik”. Larrañagak esan duenez, “daukagu gizarte erabat distopikoa, gaixoa, errealitatea aztertzeko gaitasunik gabea,…”. Nabarmendu du baita ere, beste herrialde batzuen ondoan “kondizio txarrenak hemen izan ditugula”, eta hori, “ulertezina” dela, horregatik galdetzen du, “zer ari da gertatzen?”. Hainbat hipotesi ditu: “Helburua zer da, Australian ezarri den kontrol poliziala? Espetxeratzea kalean musukoa ez jartzegatik? zein da eredua, Txinako kontrol faziala?…”. Gertatzen ari den guztia, “mundu mailan gertatzen ari den jake ekonomikoagatik,” dela baieztatu du. “Beldurra medio, pertsonak menpekotasunean mantentzea da helburu nagusia” eta “herritar bakoitzak du hau guztia gelditzeko ahalmena” Larrañagaren hitzetan.
Idoia Larrañagarekin batera, Jon Ander Etxebarria biologoa ere egon da Beasaingo ekitaldian. Lehendabizi argitu du ez dela “ez negazionista, ez konspiranoikoa”, eta bere ikuspuntutik zer gertatu den eta gertatzen ari den kontatu du: “Eraiki behar izan dute kontakizun bat”. Etxebarriak dionez, “gripearen txertoan dago oinarria, horregatik gertatu ziren lehen olatuko hildakoak”, baina errepikatu du, “beste errelato bat egin” dutela.
Gobernuek orain hartu dituzten erabakiak, musukoaren erabilpena ez beste neurri zorrotzak indargabetzea, alegia, “iazko udan hartu beharko” zituztela ere esan du Etxebarriak. Hori gertatu ez izanaren arrazoiak ere eman ditu biologoak: “Txertoak ematen jarraitzeko aitzakia izan da, eta udazkenean gripeak ospitalizazioak eragingo zituenez, hori ere tapatu nahi izan dute. Hori da, hain zuzen ere, bigarren eta hirugarren olatuen atzean dagoena, eta kontatu ez dutena”. Eta ondorengo olatuak “txertoetatik eratorritako arazoengatik izan dira”.
Bestalde, gaiaren inguruko hausnarketarako iritzi desberdinak biltzea eskatu dute, “orain arte gertatu ez den zerbait; gure eskaerari entzungor egin diote”.