«Kirolean, gauza garrantzitsuena, fisikoaren gainetik, burua da»
Julen Goia idiazabaldarrak 101 partida jokatu ditu Ampo Ordizia taldearekin ohorezko mailan. Bere kirol ibilbideaz mintzatu da, momentu gozoenak eta latzenak ekarriz.
Ampo Ordizirekin 100. partida jokatu dituzu, 101.ena zehatzago izateko.
Bai, hala da! Ordizian hasi nintzen errugbian, ondoren Biarritzera joateko aukera izan nuen eta lau urte iparraldean igaro ondoren, 2016-2017 denboraldian Ordiziara itzuli nintzen. Ordutik 101 partida, erraz esaten da!
Denbora azkar igarotzen da, eta dena aldatuz doa. Zertan nabaritu duzu gehien?
Azkeneko urte hauetan, lehenengo maila asko profesionalizatu da, ikaragarri, eta beste herrialde batzuetatik jokalari asko etorri dira. Horrek, nahi eta nahiez, mailak gora egitea eragin du. Horra hor adibide bezala Burgos, VRAC, edo Sevilla. Talde horiek 12:00etan entrenatzen dute, eta horrek esan nahi du, prestasun osoa dutela jokalariek elkartzeko, entrenamenduak gauzatzeko…
Ampo Ordizian ere izan da eboluzioa, baina aipatutakoen aldean, errealitatea beste bat da. Astebururo zelairatzen diren jokalarien zerrenda ikusi besteriz ez dago. Profesionalez osatutako talde bat gara, semiprofesional gutxi batzuk badaude, eta gehiengoa etxeko jendea da, soldaduran lan egiten duena, torno batean, edo ingeniaria dena…. Gure taldea nahasketa oso polit bat da, abenturak ditugu astero, gauza polita eta kuriosoa da.
Eta hori horrela izateak ere ematen dio Ampo Ordiziari xarma berezia. Klubaren filosofiari eusten zaio, harrobiari garrantzia handia emanez, eta horren adibide da errugbi eskolatik hasi eta lehen mailara arteko talde guztiekin egiten den lana, jokalari gazte horiek, egunen batean lehen taldeko jokalari bihur daitezen.
Nahi eta nahiez horrela da gure kasuan. Ezingo genuke beste talde batzuk bezala, 25 atzerritar ekarri eta horiekin jokatu. Gainera, klubaren funtsa galduko litzateke. Azpi kategorietan lan handia egiten da, adibidez, Goierrin, Urola Garaian, Donostialdean… 25 bat ikastetxetara egiten ditugu bisitak,errugbia zer den erakusteko, Zazpi-rugbiren bidez. Kanpaina oso polita da.
Harrobiko jokalariekin ere, maila horretan lehiatzea posible dela erakusten ari zarete partidaz partida.
Kristoren sakrifizioa egiten dugu, hori egia da. Garai batetik ona, gauzak aldatu egin dira; nire kasuan, unibertsitatera joaten nintzen egunero Gasteizera, etortzen nintzen nahi nuelako elikadura-eta zaindu, eta pentsatzen nuelako, ikasle pixu batean galdu egingo nitzatekeela. Hori zen nik egin beharreko sakrifizioa. Gutxi edo asko? ez dakit. Baina gaur egun, bai jabetzen naiz, exijentzia maila altuagoa dela: entrenamenduak, zelaian egiten ditugunaz aparte, fisikoa ere landu behar da; elikadura zaindu; asteburuetako bidaiak, adibidez, Sevillara autobusean joan, partida jokatu, Ordiziara itzuli eta jokalari asko, bost ordu lo eginda astelehen goizean lanera joaten dira… Sakrifizio oso handia eskatzen zaie etxekoei, eta egia esan, erantzuna oso-oso ona da.
Nolakoa da horrelako talde bateko kapitaina izatea?
Denak desberdinak gara, nork bere izaera du, jokalari bakoitzaren egoera bat da, bakoitzak bere arazoak eta kezkak ditu, momentu onak baina txarrak ere sor litezke… Nik daukadana da, denengana iristen naizela, gazteenetatik hasi eta zaharrenetara, bizi guztian hemen bizi izan direnetatik, kanpotik etorritako haiengana… Eta edozein aldrebeskeria dela, edozein arazo dutela, izan daiteke zelai barrukoa zein kanpokoa, beti nago bitartekari lanetan.
Talde kohesioa lortzeko?
Taldearen kudeaketa ahalik eta onena egitea da, giro onena edukitzeko. Uste dut giro polita eta erosoa izateak, emaitzak bultzatzen dituela. Tentsio asko baldin badago, emaitzak ez dira iristen, gure artean txokeak badaude, zaila da helburu batzuengatik borroka egitea.
Pandemiak arlo guztiak ikutu ditu. Nolako eragina izan du taldean eta klubean?
Klubarentzat kolpe handia izan da, batez ere arlo ekonomikoan. Orain garagardo azokarekin-eta, haize pixkat bat hartzeko aukera izango du behintzat.
Eta kirol arloari dagokionez, liga erregularreko etxeko partida guztiak irabazi genituen. Play Off-etan sartuta, lehenengo partida Bartzelonaren aurka galdu eta kanpoan utzi gintuen. Akats gutxiago egin zuten, eta horregatik irabazi zuten. Hala ere, erakutsi genuen edozeini irabazteko gai ere bagarela, VRAC-en aurkakoan gertatu zen bezala.
Daukadan sentsazioa da, beste denboraldi batzuetan gertatu izan zaiguna errepikatu zela. Hau da, iristen garenean momentu kritikoetara, irabazi behar direnean partidak, detaile txiki askok ihes egiten digutela, eta aurten ere, hori gertatzen ari zaigu. Bartzelona eta Sevillara irteerak ere nahiko konplikatuak izan dira. Sevillatik nahiko izorratuta etorri ginen. Eta Cisnerosen aurkakoa izan zen arantza kentzeko.
Hausnartu duzu zergatia?
Kirolean, gauza garrantzitsuena, fisikoaren gainetik, burua da, eta momentu klabeetan nola erantzuten den, pisu handia dauka. Erabaki taktiko horiek denak momentu klabean ondoen erantzuten dituenak lortzen du emaitza onena, hori garbi daukat.
Edozeini irabazteko gaitasuna, eta Iñigo Marotias entrenatzaileak denboraldiaren aurkezpenan esan zuen moduan, kopa bat irabazteko gaitasuna ere baduzue. Duela zortzi urte errege kopa ekarri zenuten Ordiziara. Nola gogoratzen duzu?
Ikaragarria izan zen! Han bizitakoa, Ordizian egin ziguten harrera,..Betirako geratzen da! Topikoa ematen du baina entrenatzera etortzen garen guztietan, helburua da, guk finkatu dugu gainera, final bat jokatzea. Uste dut merezi dugula.
Jokatu, eta irabazi?
Kristorena izango zen hori; garbi daukat, final batera iristen bagara, irabaztera aterako garela.
Horiek momentu gozoak, baina kirolean momentu latzak ere izaten dira. Zein izan da zure kirol ibilbidean unerik latzena?
Pertsonalki, profesional bezala Ordiziara etorri eta bigarren jardunaldia baino lehenago entrenamendu batean lurrera erori eta sorbalda atera nuenean. Denboraldia galdu nuen.
Eta klub bezala, Axio Araña entrenatzaile zen garaian, ohorezko mailatik jaisteko arriskuan egon ginenean. Sevillaren kontra galtzen bagenuen, maila galtzen genuen. Azkenean irabazi eta mailari eutsi genion.
Bukatzeko, zer da zuretzako Ordizia Rugbi, Altamira….
Bizitzako parte oso inportante bat, eta oso-oso serio hartzen dudan zerbait, zeren hontatik jaten dut nik, hontatik bizi naiz. Eta gainera, familia handi bat gara, kuadrila bat, lagunak gara.