Goitur Madrilgo Fitur turismoaren azokan da, 26. urtez segidan
Goierri eskualdea Madrilgo Fitur nazioarteko turismoaren azokan izango da beste urtebetez, Goitur Goierriko Turismo Agentziaren eskutik, Euskadiko stand-aren barruan. Aurtengoa Fiturren parte hartzen duten 26. aldia izango da jarraian. Atzo izan zen azokaren irekiera eta igandera arte egongo da zabalik. Euskadiko stand-a 3 sailetan banatu dute: hiriburuak, touring-a eta informazio orokorra. Goierrik 3 ataletan dauka presentzia.
Batetik, hiriburuaren produktuari dagokionez, Donostiako aukera turistikoaren barruan agertzen da Goierri, Donostia turismoko bazkide delako. Bestetik, Euskadi touring atalean, Goierriko jatetxe, alojamendu, museo, errekurtso eta produktuturistikoen berri emango dute, Goierri gidaren bidez. Azkenik, informazio orokorraren atalean, Goierri Gastronomika egitasmoaren informazioa agertzen da Euskadi Gastronomikaren barruan: eskualdeko lehen sektoreko ekoizleak, jatetxeak, komertzioak eta produktu gastronomikoak. Goierriko mendi probak eta ibilbide desberdinak biltzen dituen Basque Highlands mapa ere aurki daiteke informazio orokorreko sailean.
Aurkezpena, atzo
Madrilen bizi den Nerea Garmendia aktore beasaindarra Goierriko enbaxadore gisa aurkeztu zuten atzo Fiturren. Campermendia deituriko proiektua aurkeztu zuen aktoreak, lehen promozio lanarekin, Goierrin grabatutakoa. Goierriko sagardo denboraldia ere Garmendia berak ireki zuen ostiralean, Altzagako Olagi sagardotegian.