Osakidetzako bi greba egunen balorazio «positiboa» egin dute ELAk eta LABek
Ostiralean, lehen arretan, eta astelehenean Osakidetza osoan, grebaren eragina «altua» izan dela diote ELA eta LAB sindikatuek. Irtenbiderik ezean, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute
Ostiraleko eta asteleheneko greba egunekin «oso gustura» agertu dira ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak. Goierriko osasun zentroetan, grebaren jarraipena «altua» izan dela nabarmendu dute, beraz, egiten duten balorazioa «orokorrean positiboa» dela. Orain espero dute, «aldarriei entzungor ez egitea Osakidetzako zuzendaritzak, eta langileak bizitzen ari garen egoera jasanezinari irtenbideak bilatzeko urratsak ematea lehenbailehen». Batez ere, hiru puntutan egin dute indarra: Osakidetzako aurrekontua handitzea; lan kontratazioan behin-behinekotasunarekin amaitzea lanpostuak sortuz; eta, itxi diren zerbitzuak martxan jartzea.
COVID-19aren osasun larrialdiak «okertu» duen «egoera kaxkarraren aurrean planto» egin dute Osakidetzako langileek, SATSE, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta. Azken hilabeteetan mobilizazio ugari egin dira, osasun publikoan lan egiten duten langileen egoera gizarteratzeko eta «kalitatezko osasun publiko baten alde». Momentura arteko protesta katea, ostiraleko eta atzoko greba egunekin borobildu dute.
Ostiralean herrietako lehen arreta zentroetan egin zuten greba. Goierri mailan Zumarragako osasun zentroaren atarian egin zuten elkarretaratzea.
Osakidetzak emandako datuen arabera, ostiraleko greba deialdiaren eragina % 29,6koa izan zen Osakidetzako Lehen Arretako sarean, goizeko txandari dagokionez. Arratsaldean berriz, eragin handiagoa izan zuen: deialdiaren eragina % 30,79koa izan zela dio Osakidetzak. Gipuzkoan, %27,11koa izan zen eragina.
Atzoko egunez, Osakidetza osoan egin zen greba, eta eragin «txikiagoa» izan zuela esan du Osakidetzak; goizeko txandari dagokionez, % 9,36eko eragina izan zuela jakinarazi du.
ELA eta LAB sindikatuek helarazi dituzten datuen arabera Zumarragako ospitalean, «kirofanoetan zerbitzu minimoak egon dira bakarrik martxan, beraz urgentziazko zerbitzua baino ez dute eman; kanpo kontsultetan %60ak egin du greba; eta barne medikuntzan, mediku denek egin dute greba».
Pediatria sailean eta erizainen artean ere, zerbitzu minimoak ezarri dira, grebaren jarraipen «altua» dela eta.
Zumarragako EAG 7 egun 24 orduz irekitzeko protesta
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea egunero 24 orduz irekitzearen aldeko manifestazioa egin zuten larunbatean, 24/7 plataformak deituta. Areizaga-Kalebarren plazatik abiatu zen protesta, Labeaga kalea alderik alde igaro, Zumarragan sartu eta Secundino Esnaola zeharkatuz, manifestazioa hasi zen puntuan bukatu zen. Amaieran, EAG-ko zerbitzua zabaltzearen aldeko aldarriak egin zituzten.