Neguari adio epela, udaberriaren aldarri
Egunen eta gauen iraupena pare- parean gaur bertan, eta argi orduak nagusitzen hasi orduko, baratzeko lanak ere ugaritzen hasiko dira.
Goiz epea 14-17 gradu negua agurtu duen azoka honetan. Argitasuna ilunari gaurtik aurrera nagusituko zaio. Eta hala bedi, justu garai honexek markatzen baitu bi urte zail hauen urtemuga. Ari da poliki-poliki giroa bizitzen, geroz eta bisitari gehiago, bai taldeka bai norbanakoak ere. Baratze lanek bizitzeko garaia ere bada, landare aukera handitzen hasi da. Lehen piper, berde luzea gozoa 0,15€/bakoitza, leka edo baina 0,40€/bakoitza eta urteko porrua 4€/zientoa. Tipula landatzeko martxoko ilbehera aholkatzen da, 18tik aurrera beraz. Noiz ekarriko dituzten lehen ilar eta babak zain gaude eta hamabost egun barru izateko esperantza agertu dute. Produktu berri bat atzo Nafarroatik ekarritako lehen zainzuriak, beheko zuhaiztiko fruta postuetan 10-11€ artean kiloa, Caceresekoak ere baziren.
San Jose eguna larunbatean izango da, arkumea jateko usadioa ez da lehen adinekoa. Denboraldiaz Larsabikoei galdetzeko baliatu dugu eta berriak ez dira hain baikorrak. Italiatik arkumea merke ekartzen ari direla eta ondorioz bertakoak zentimo batzuk behera 3,20/k bizirik pisatuta.
Loreei arreta eskaintzeko garaia hurbiltzen ari zaigu, hotz arriskua gainditu orduko hasiko gara dagoen aukera errepasatzen. Atzo ikusitako lehen tulipan gorri deigarriak aipagai oraingoz, Arantxa Zurutuzaren postuan dotore asko 5€/sorta.
Urteurren markatua
Aste honetan, Ordizia erre zeneko urtemuga betetzen da. «1512an, martxoaren 12an, sute hondagarri bat izan zen hiribilduan, eta harresi barruko ia etxe guztiak erre bide zituen», Ana Galdos Monfortek Villafrancatik Ordiziara liburuan argitaratu zuenez. Martxoaren 18ko data ematen du Jose Aierdik La voz de Guipuzcoa-ko apirilaren 12ko artikuluan (Gipuzkoa 1936-Foru aldundia).
Ondorioz laster Juana Erreginak hiribilduari asteazkenero feria frankoa (zergarik gabekoa) egiteko pribilegioa eman zion.