Lanaren ondorengo ospakizuna
Ezkioko Igartubeiti baserri museoan Barrikote festa egingo dute bihar. Garai batean, nekazaritza munduan, sagardogintzako lan guztiak amaitu ondorengo jaia izaten zen Barrikote festa.
Sagardogintzako lan guztiak amaitzen direnean antolatzen den ohitura zaharrenetako bat da barrikotea, ziklo oso baten emaitza, prozesu luze baten azken uzta. Gaur egun, jai giroan ospatu ohi dute gehienek barrikotea, eta Ezkioko Igartubeiti baserri museoan ere hala irudikatuko dute bihar arratsaldean, 16:30etik aurrera. “Igartubeitiko sagardoa dastatzeko urteko aukera bakarra izango da biharkoa”, zehaztu du Iban Maizek, Igartubeiti baserri museoko gidak.
Garai batean, dolareko lanak bukatzen zituztenean, eta zukua ekoitzita zeukatenean, kupel bat muztioz betetzen zutela jakinarazi du Maizek. “70-100 litro inguru gordetzen zituzten, eta pare bat aste geroago lanean aritu ziren guztien artean festa bat antolatzen zuten, barrikotearen barruan zegoen muztioa dastatuz eta gaztainak eta sardina zaharrak janez”.
Igartubeiti baserri museoko gidak zehaztu du nekazaritza munduko egutegiak betidanik lotura handia eduki izan duela lanaren eta naturaren zikloarekin. “Inauteriak direla, arto eta gari bilketa dela… Eta antzeko zerbait gertatzen da sagardoarekin ere: lanaren ondoren, ospakizuna”. Gaur egun eurek ere horixe egiten dutela gaineratu du Maizek: “Sagar zuku horrek irakin arte itxaroten dugu, eta edateko moduan dagoenean, martxo inguruan, gaur egungo erako Barrikote festa egiten dugu, urrian XVI. mendeko dolarean egindako sagardoa dastatuz”. 2019tik egin gabe daude.
Lehenik eta behin, tailerra
Hain zuzen ere, Barrikote festa iritsi aurreko prozesu guztia gertuagotik ezagutzeko, bihar 3 eta 12 urte arteko haurrentzako eta edozein familiarentzako tailerrak egingo dituzte lehenik eta behin. “Multzoka banatuko ditugu haurrak, adinaren arabera, eta barrikotearekin eta sagardoarekin zerikusia daukaten eskulanak egingo ditugu, material birziklatuarekin: sagarrondoak egingo dituzte batzuek, forma eta kolore desberdineko sagarrak beste batzuek, kupelak beste taldetxo batek…”. Luzea eta neketsua izaten delako azken muztio hori lortu arteko prozesua. “Sagarrondoa landatu eta zaindu egin behar izaten da lehenengo; sagarrondoak sagarra emango digu gero; eta, sagarrak bilduta dolarean zanpatu ondoren, muztioa irakin egin behar izaten da azkenik kupeletan”. Maizek aurreratu du ordubeteko tailerra izango dela, gutxi gorabehera.
Barrikoteari berari, berriz, 17:30ean ekingo diote. “Barrikotea kupel mota bat da izatez. Edukieraren arabera, aldatu egiten zaio izena: barrikote, kupel, bukoi… Txikienetako bat litzateke barrikotea, nahiz eta gaur egun kupel deitzen diegun ia guztiei”. Maizek aitortu du gaur egun “nahiko arrotza” dela barrikotea. “Baina garai batean baserri askok zeukaten dolarea; sagardoa oso presente zegoen gizartean, elikagai eta sendagai gisa. Festa ospakizunetan ez zen falta izaten”. Gerora, hiribilduetan ere sagardotegiak sortu zituztela gaineratu du Igartubeitiko gidak. “Eta gune horietan ere egiten zituzten Barrikote festak. Lan logika bati lotuta zegoen”.
Kirikoketa da Barrikote festako beste oinarrietako bat. Lana eta musika uztartzen ditu, sagardogintzatik sortutako musika tresna baita kirikoketa, txalapartaren familiakoa. “Lan erritmo batzuk eramanez, musika egiten da azkenerako, egurrezko makila batzuekin sagarra zanpatuz”. Gaur egungo sagardotegietan sagardoa egiteko prozesua ez da garai batekoa. “Baina garrantzitsua da iraganeko ohitura eta lan egiteko modu horiek gaur egunera ekartzea”, esan du Maizek. “Museo batean ospatuko dugu Barrikote festa hau, eta museoen zurruntasun eta seriotasun hori alde batera uzteko ere balioko digu jaiak, baserri baten ukuiluan ere festa antola daitekeela erakusteko”.
EGITARAUA
Bihar arratsaldean, 16:30etik aurrera, hainbat jarduera egingo dituzte Ezkioko Igartubeiti baserri museoan, XVIII. Barrikote festan. Dagoeneko banatuta daude gonbidapen guztiak.
16:30-17:30. Haurrentzako jolas txokoa.
17:30-19:00. Kirikoketa emanaldia. Gonbidatu gisa, Juanma Hurtado Zumarragako Kabia jatetxeko sukaldariak irekiko du aurtengo barrikotea. Gune berean afari-merienda egingo dute ondoren (sagardoa eta bertako produktuen dastaketa), eta trikitilariak ere izango dira giroa alaitzeko.