Hezkuntzari helduko diote
Bi urteko etenaren ondoren, martxan da Iparra-Hegoaren kultur astea, ohiko formatuarekin. Hezkuntza izango da aurten landuko duten gai nagusia
Bi urteko etenaren ondoren, Iparra-Hegoa aste kulturala ohiko formatuarekin itzuli da. 2020an 25. urteurrena ospatzea zuten helburu, baina bertan behera utzi behar izan zuten pandemiagatik. Bi urte horietan, halere, ez da geldirik egon, eta 2021ean Bizi Gira Kutxa Bira ekimena sustatu zuten. Kutxak Euskal Herri osoa zeharkatu zuen, eta baita diaspora eta presondegiak ere. Milaka lagunek hartu zuten parte ekitaldietan, eta dozenaka talde eta elkartek jarri zituzten haien desioak kutxan.
Aurten indarturik ekin diote. «Iparra-Hegoak ez du iparra galtzen, eta aurrera jarraituko du Euskal Herriaren ehuntzea eta egituratzea helburu, betiere elkar ezagutzaren, elkarlanaren, gogoetaren, kulturaren eta bestaren bitartez», agertu du elkarteak. Hezkuntza izango da aurten abiapuntua, «nazio baten oinarrizko zutabea» izanik. Azken asteotan pil-pilean dagoen gaia da, batetik Euskal Autonomia Erkidegoko Eusko Legebiltzarrean hezkuntza arau berria aztertzen ari direlako, eta bestetik, Frantziako parlamentuan bozkatutako Molac legeak zalaparta eragin duelako Ipar Euskal Herrian. «Une aproposa da arlo horri buruzko gogoeta egiteko, herri ikuspegitik».
Atzo hasi zen 2022ko Iparra-Hegoa. Baionako Estitxu Robles Arangiz Kolegioko ikasleak Seguran izan ziren, eta arratsaldean Hezkuntza arauak Euskal Herrian hitzaldia egin zuten Iban Thikoipek, Nora Salbotxek eta Asier Lauzirikak. Apirilaren 3ra arte iraungo dute ekitaldiek. Igandean Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen gereziondoan elkartuko dira Udalbiltzako, Goierriko eta Iparraldeko hautetsiak, Urruñaren eta Seguraren arteko anaikidetza sustatzeko. Libe Goñi Seaskako lehen irakaslea izango da bertan. Berbenarekin amaituko da astea.