Irati Artzelusek eta Mirari Plazaolak irabazi dute Lazkaoko trikiti txapelketa
Sei bikotek parte hartu dute Lazkao Txiki Musika Eskolaren laugarren lehiaketan. Kultur aste oparoa osatu dute bertako musika ikasleek, herriko talde ugarik eta gonbidatuek
Urrezko notekin osatu du Lazkao Txiki Musika Eskolak 25. urteurreneko kultur aste berezia. Astebete luzean, egitarau mardula gizarteratu dute, askotariko publikoarentzat ekitaldi andana antolatuta. Haur, gazte, heldu eta adineko, zazpi egun musikan murgiltzeko modukoak izan dira Lazkaon.
Musika eskolak laurehun ikasle baino gehiago eta 17 irakasle dauzka, gaur egun. Duela 25 urte, bi irakaslerekin eta eskutada bat haurrekin hasi ziren. Aniztasun horrek isla izan du kalean, bereziki. Ikasleen Musika kalean kontzertuek ostegunean, edo kalejira ugarik alaitu dute herria.
Herriko talde eta eragile askok parte hartu dute, horiez gain. Jundajo txaranga, erraldoi eta buruhandi konpartsa, Kantaka abesbatza, Suthai batukada, Jotake joaldunak, Lazkaoko Banda… «Aparteko ilusioa genuen herriko kultur eragile guztiek parte hartzeko, eta horrek asko jantzi eta loratu du kultur astea», azaldu du musika eskolako Nerea Barandiaranek.
Luxuzko gonbidatuak ere izan dituzte, Angel Unzu, Aitor Gorosabel edo Anari bat, adibidez. «Kanpoko eragileek ere asko janzten dute, baina ostegunaz geroztik kalean taldeak ikustea polita izan da. Horrek eman dio xarma edo egin du besteetatik diferentea. Lan asko ematen du, baina bertakoekin ere gauza politak egin litezke».
Trikiti txapelketa
Larunbat arratsaldean, Lazkaoko IV. Trikiti Txapelketa jokatu zen, plazako frontoian. Sei bikotek parte hartu zuten, eta txapelak Irati Artzelus soinu jotzaile lazkaotarrak eta Mirari Plazaola pandero jotzaile arrasatearrak jantzi zituzten.
Bigarren Maitane Iturriotz billabonarra eta Eider Amenabar errenteriarra geratu dira; hirugarren Enaitz Alberdi azpeitiarra eta Amets Bilbao igorretarra.
Sei bikotek parte hartu dute trikiti txapelketan, tartean Hodei Intxausti eta Nora Iparragirre lazkaotarrek.