Duatloi txikian, kirolari handiak
Dozenaka haur eta gaztetxok parte hartu dute Urola Triatloi Taldeak antolatu duen Duatloi Txikian. Korrika eta bizikletan aritu dira, Urretxuko eta Zumarragako kaleetan
Kirolerako afizioa eta ohitura osasuntsuak txikitatik hartzea, hori da Urretxuko eta Zumarragako Duatloi Txikiaren helburua. Urola Triatloi Klubak sortu zuen duela urte batzuk, kirol mota hau txikienei ezagutarazteko asmoz. Pandemiak eragindako etena gaindituta, atzera ere bueltan da proba. Asteburuan, dozenaka umek parte hartu dute, eta antolatzaileak gustura gelditu dira aurtengo edizioak eman duenarekin.
Zazpigarren edizioa izan du aurten Duatloi Txikiak, baina berezia izan da, bi urteko etenaren ondotik antolatu baitute berriz. Urola Triatloi Klubeko Asier Auzmendik azaldu duenez, «umeei kirol mota hau erakutsi eta probatzeko aukera ematea» da helburua. Aurtengo edizioarekin gustura gelditu dira, «eguraldi ona egin du, ez du inork minik hartu eta etorritako guztiak gustura» gelditu direla dio.
Denera 75 bat umek parte hartu dute, denak Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko ikastetxeetatik etorritakoak. «Aurten data aldatu behar izan dugu eta Legazpiko jaiekin batera tokatu da, horregatik etorri dira haur gutxiago Legazpitik». Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuta, bi herrietan barrena antolatutako zirkuituan aritu dira, korrika eta bizikletan. Benjaminen mailan, «denek batera» egiten dute ibilbidea, eta azken metroetan uzten diete lehiatzen. Alebin mailan lehia librea izaten da, nahiz eta irteerak neutralizatuta egiten dituzten.
Bukaeran, parte-hartzaile guztiei domina bana eman zieten, eta maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuei, aparteko sariak. Laia Aranzadi eta Ibai Agirre umeetan, eta Maier Aranzadi eta Ganix Urretabizkaia izan dira 7. edizio honetako irabazleak.