Herri krosarekin esan diete agur San Joanei Olaberrian
Olaberriako San Juanen itxiera ere iritsi da eta herritarrek herri krosa egin dute, bai haurren, bai helduen kategorietan.
Olaberriako San Juanak jai-giroz blai amaitu dituzte Herri Krosarekin. Egitarau zabala izan dute jaietan zehar, tartean patata tortila lehiaketa, haurrentzako puzgarriak, San Joan Sua… Musika eskaintza arrakastatsua izan da aurten, plaza lepo bete baitzuten Los Zopilotes Txirriaosen kontzertuan.
Gaur amaiera emateko unea iritsi da, hurrengo urtera arte agurtzeko momentua. Herri Krosarekin eta amaiera festarekin eman diete agurra Olaberriko San Juanei.
Haurren Herri Krosa
Haurren txanda izan da lehendabizi. Hiru lasterketa izan dira haurren mailan: 2016tik 2013ra bitartekoak, 2013tik 2010era bitarrekoak eta 2010etik gorakoak. Gogotsu aritu dira txikiak. Ibilbide bera egin dute guztiek: plazako arkupe paretik irten aldapan gorantz, elizari bira eman eta berriro arkupera itzuli. Txikienek itzuli bakarra eman diote elizari; bigarren sailekoek bi eta hirugarrenekoek hiru itzuli eman dizkiete elizari helmuga zeharkatu aurretik.
Txikienen mailan Ander gailendu da lasterketan. Bigarren Xabat iritsi da eta Xabi izan da hirugarrena helmugako lerroa zeharkatzen.
Bigarren sailean, Eneko izan da lehena; bigarrena, berriz, Xiker eta lehen hiru sailkatuen zerrenda Beñatek itxi du.
Haur nagusienen mailan lehia bizia izan da azken segundura arte Aritz eta Josuren artean, baina Aritz izan da marra zeharkatzen lehena. Bigarren postuan, beraz, Josu geratu da eta hirugarrenean, Xanet.
Hala ere, irabazleak irabazle guztiek eskuratu dute haien saria: Kamiseta bat eta gozokiak.
Helduen lasterketa
Helduen lasterketak hiru parte-hartzaile izan ditu. Arkupetik bertatik irten dira, baina kontrako noranzkoan. Aldapa igo eta ezkerretara joan dira. Jarraian Arrieta jatetxe pareko biribilguneraino joan dira eta bertatik, eliza ondotik, arkupera. Ibilbide honi bi itzuli eman dizkiete eta azkenean, Jon Zufiaurre gailendu da erraztasunez.