UGLEk ikasle ohien topaketa antolatu du azaroaren 26rako
UGLE lanbide eskola 25. urteurrena ospatzen ari da. Azken ekitaldia hilaren 26an izango da: ikasle ohien topaketa egingo dute ikastetxean bertan. Egun horretan ikastetxeko eta laborategiko ateak zabalik egongo dira eta bazkaria egingo dute 14:00etan.
Menuak 20 euro balio du (entsalada, txahal-masailak, postrea, kafea eta edaria). Gainera, DJ Tintz-ek musika jarriko du eta Batxilergoko ikasleek txosna jarriko dute ikasketa bidairako dirua lortzeko. Bazkarirako txartelak UGLEn, Zumarragako Bidezar eta Urzubi tabernetan, Legazpiko Giroa eta Katilu tabernetan eta Urretxuko Aldapa, Berit eta Buhame tabernetan eskura daitezke. Bazkarirako txartela erosteko azken eguna hilaren 18a da.
UGLEko arduradunek urteurreneko ospakizunen balorazio positiboa egin dute. Lehen ekitaldia langile ohien topaketa izan zen, irailaren 21ean. Irailaren 22an erakundeen txanda izan zen. Bukatzeko, irailaren 23an enpresekin topaketa egin zuten. 60 enpresek baino gehiagok parte hartu zuten. Izan ere, 25 urte hauetan UGLEk eta enpresek harreman estua izan dute.