Hizkuntza aktibazioa eta gazteak ikerketagai izan dituzte Beasainen
Euskarari buruz eta gazteen ekimenei buruz hausnartzeko prozesu parte hartzailea izan da, eta soziolinguistika klusterrak koordinatu du. Ostiralean, errekonozimendua egin zieten prozesuan parte hartu dutenei. Txosten osoa abenduan aurkeztuko dute.
Azken urte honetan, Beasaingo hainbat gazterekin euskarari buruz eta gazteen ekimenei buruz hausnartzeko prozesu parte hartzailea garatu da, ostiralean, prozesutik ateratako irakaspenak aurkeztu, eta parte hartu dutenei esker ona adierazteko ekitaldia egin zuten, Igartza Jauregian. Soziolinguistika Klusterra arduratu da proiektuaren koordinazioaz, Beasaingo Aittu! euskara elkarteko eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kideekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren babesa ere izan ditu proiektuak.
Maialen Iñarra izan da proiektuaren koordinatzailea. Hark eman ditu ostiraleko ekitaldiaren inguruko xehetasunak. “Ikerketa prozesu baten azken saioa izan zen. Azken urte honetan, Beasaingo hainbat gazterekin batera, euskarari buruz, hitz egiten eta gogoeta egiten, eta gazteen ekimenak hausnartzen aritu gara”, hasi da kontatzen Iñarra. Ostiraleko saioan, batetik, “azken urte honetako ibilbidearen berri emateko baliatu” zuten. Horren barruan, “ikerketari esker izandako irakaspenak partekatu” zituzten. Bestetik, “eskertu nahi izan genien ikerketan parte hartu zuten guztiei”.
Hala, prozesuan parte hartu duten gazteak izan ziren ekitaldian, baina gonbidatuen artean izan ziren baita ere, Goierriko beste herri batzuetako udaletako ordezkariak eta euskara elkarteetako ordezkariak; “Beasainen egin den ikerketaren berri izan zezaten, pentsatuta, Beasainen identifikatu diren irakaspenak beste herrietan ere baliagarriak izan daitezkeela eta aurrera begira inspirazio iturri bezala izan dezaten”, nabarmendu du proiektuaren koordinatzaileak.
Proiektu hau, hizkuntza aktibazioari lotuta dago; “azken batean, aztergai ditugu ikerketa ildo horretan euskararen biziberritzearen prozesuaren sustapenean ekarpena egin nahi duten tokian tokiko ekimen sozial desberdinak, eta herritarrak euskararen alorrean aktibatzea bultzatu nahi duten mugimenduak ditugu aztergai eta aktibazio hori errazteko zein gako identifikatu daitezkeen zehaztea”.
Bi elementu
Iaz martxan jarritako proiektuak “bi” elementuri erantzuten die Iñarrak azaldu duenez. “Aktibazioaren prozesu horretan gazteek duten paperaz, euskararen jirara gazteak nola aktibatu daitezken, horri buruzko gogoeta bat egin dugu. Hori egin nahi izan dugu, bigarren elementua izanda, Goierrin kokatuta, eta zehazki nonbait hasi behar eta Beasaingo esperientzia hartu dugu oinarri bezala”.
Ikerketaren txostena abenduan aurkeztuko dute.