Euskaraldiak hizkuntza ohiturak astinduko ditu datozen asteetan
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboa etzi hasiko da; Goierrin eragina lehenago nabarituko da. Inaugurazio ekitaldiak egingo dira herri handienetan
Euskaraldiaren hirugarren edizioa etzi hasiko da. Funtsa betikoa izango da: hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretarako, abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, hamaika euskal herritarrek ahobizi edo belarriprest rola hartuko dituzte: Euskaraldiak iraungo duen bi asteetan ulertzen duten guztiekin beti euskaraz hitz egiteko prest dagoenak ahobizi rola hartu beharko du, horrek dakarren guztiarekin: lehen hitza euskaraz egitea edozein kasutan, hartzaileak euskara ulertzen duen kasuetan euskarari eustea nahiz eta beste aldeak gaztelaniara jo… euskaraz nahi edo ahal denean bakarrik egiteko prest dagoenak belarriprest rola hartu beharko du. Hala, dakitenei uneoro euskaraz hitz egiteko eskatuko die eta, gero, egoeraren arabera, euskaraz edo erderaz erantzun.
Duela bi urte ia 180.000 euskal herritarrek ahrtu zuten parte. Goierritarrak, 10.000tik gora. Antolatzaileek kopurua hobetu nahi dituzte aurten, eta izen ematea «erritmo onean» doala aitortu arren, azken egunetan presentzia handitu dute ahalik eta jende gehiengoarenera heltzeko. Eskualdeko herri nagusienetan, esaterako, Euskaraldiaren hasiera ekitaldiak antolatu dituzte, ostiralera arte itxaron gabe.
Urretxun eta Zumarragan Euskaraldiko talde eragileak Herri Batzarra antolatu du gaurko. 18:30ean elkartuko dira, Zelai Ariztin. Ariketa hasi aurretik ahalik eta jende gehien pilatu nahi dute, gainerako herritarrak erakartzeko. Horregatik, bilerara joateko deia egin dute.
Beasainen, adibidez, bihar iritsiko da Gartxi herrira. Gartxi, Murumendiko Mariren alaba, euskararen suaren zaindaria da. 11:00etan piztuko du Zubimuzu plazako su-ontzia eta Ikurriña euskararen tantodun banderagatik ordekatuko dute. Euskararen bandera lau haizeetara dabilen bitartean herrian euskarak aginduko duela irudikatuko dute. Ekitaldian herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek hartuko dute parte, batera.
Legazpin 18:30ean egingo dute hasiera ekitaldia. Euskaraldia plazan elkartuko dira. Kale Nagusia hasten den eremua izendatu dute Euskaraldia plaza, elizaren alboan. Nerea Arriola umoregileak euskararen inguruko bakarrizketa eskainiko du.
Lazkaon herriko emakume kirolarien inguruko zuzeneko podcasta grabatuko dute, 19:00etan.
Ostiralean, gehiago
Lazkaon kantuan hasiko dute Euskaraldia. 11:00etan, herriko plazatik abiatuta, kantujira egingo dute. 19:00etan, Jundajo txaranga Areriatik abiatuko da.
Ordu horretan, Ordizian, Euskaraldiari ongi etorria emateko ekitaldia egingo dute olaza nagusian.
Herri txikiagoetan ere antolatu dituzte ekintzak. Zaldibian 18:30ean elkartuko dira, txapa jartze kolektiboa egiteko. Amaitutakoan taloak jango dituzte, zubi Buru elkartean.
Euskaraldiak dirauen bitartean beste ekintza ugari antolatu dira eeskualde osoan. Euskararen Nazioarteko Egunaren aitzakian ere askotariko ekintzak egingo dira.