Larunbateko manifestaziora joateko deia egin dute Goierriko pentsiodunek
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta hainbat erakunde sindikal eta sozialek manifestazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan. Goierriko pentsiodunak Donostiako Alderdi Ederren elkartuko dira 17:15ean.
EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, hainbat erakunde sindikal eta sozialekin, manifestazioak deitu ditu larunbaterako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Gipuzkoakoa Donostian izango da, 17:30ean, Alderdi Ederren. Goierriko Pentsiodunek bat egingo dute deialdiarekin eta eskualdeko herritarrak deitu dituzte parte hartzera.
“Oso garrantzitsua da gure parte-hartzea esanguratsua izatea, gure indarra agerian utzi behar dugu”, adierazi du Goierriko Pentsiodunen Mugimenduak. Haien esanetan, larunbateko manifestazioak “ez du bat gehiago izan behar, gutxieneko pentsioa osatzeko urrats garrantzitsua baizik”. 1.080 euroko Gutxieneko Pentsioa 14 ordainsaritan izatea aldarrikatzen dute, KPI errealaren araberakoa izatea erosteko ahalmena berreskuratzeko, soldatak ere berreskuratzea, eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta unibertsalak bermatzea. Ekainean proposamena aurkeztu zuen EHPM-ak Legebiltzarrean, “hemen eta orain 1.080 euroko gutxieneko pentsioa osatzeko”. Proposamen hori aztertu dezaten, larunbatetik aurrera ere kalean kanpaina bat egitea aurreikusi dute, abendura arte.
Goierriko Pentsiodunak Alderdi Ederren elkartuko dira manifestazioa hasi aurretik, 17:15ean, elkarrekin pankartaren atzetik joateko. EHPM, EHESK-Euskal Herriko Gizarte Eskubideen Batzordeak, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, ETXALDE, CGT eta CNT sindikatuek, Ernai Ikasleen Sindikatuak, Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek, Gipuzkoako Senideak, Bilgune Feminista edota Euskal Herriko Neska Gazteek egingo dute bat larunbateko mobilizazioekin.
Ostiralean, Gasteizen, eta astelehenean, Ordizian
Ostiralean, berriz, etzi, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko 2. Emakumeen Batzarra egingo da Gasteizen, Soldaten eta pentsioen prekarietateari ez lelopean. Parte hartu nahi dutenek ostirala baino lehen eman behar dute izena, Gasteizera beste emakume batzuekin koordinatuta joan ahal izateko, Goierriko pentsiodunekin harremanetan jarrita.
Astelehenean, Ordiziako plazan elkartuko dira Goierriko pentsiodunak pentsio publiko duinak eskatzeko, 11:00etan.