EH Bilduk eta PSE-EEk gabeziak ikusten dizkiote aurrekontuari
EH Bilduk "aurrekontu sozialago baten beharra" argudiatu du aurka bozkatzeko, eta PSE-EEren ustez "errealitatetik aldentzen den" aurrekontua EAJk aurrera atera duena.
Datorren urterako onartutako aurrekontuaren inguruko irakurketa egin dute EH Bilduk eta PSE-EEk. Koalizio abertzaleak kontra bozkatu zuen, arrazoi desberdinengatik. Azpimarratu
du, «aurrekontu sozialago» baten beharra, «beasaindar bakar bat ere kanpoan utziko ez lukeen aurrekontu bat», onartutakoak, ez dituela beasaindarren artean dauden errealitate ekonomiko ezberdinak kontuan hartzen; «laguntza desberdinak behar dituzten herritarrez harago, hilabete amaierara iristeko oztopo handiak dituen herritar multzo handi bat ere badago, hauek ezin dituzte gizarte larrialdietarako laguntzak jaso, eta gaur egun pairatzen ari garen bizitzaren garestitze etengabearen aurrean inongo babesik gabe geratu ohi dira».
EH Bilduk dio, orain arte aintzat hartu ez dituzten proposamenak mahai gainean jarri dituztela berriro; «etxebizitza politika aldatzeko diru lerro indartsu bat, herriko gazteek dituzten gabeziei erantzuteko azpiegiturak eta hau koordinatzeko saila indartzea, edo mugikortasuna hobetzeko hainbat ekintza». Berritasun bezala, «bizi dugun krisi energetikoari erantzuteko familientzako dirulaguntza gehigarriak txertatzea proposatu dugu». Baina «bakar bat ere ez da txertatu».
Gauzak horrela, aurka bozkatu dute.
PSE-EEk abstentzioa
Udal gobernuaren eta PSE-EEren arteko negoziazioaren emaitzarekin pozik agertu den arren, Eva Alvarez Beasaingo PSE-EEko bozeramaileak prentsa ohar batean aitortu du «etsipena» sentitzen dutela Beasaingo Udal Gobernuak Ezkiaga auzoko bizilagunekin duen jarreragatik. Bertan duten irisgarritasun arazoa nabarmendu du Alvarezek.
Bestalde, 2023an abian jarriko diren proposamenetatik bereziki azpimarragarria iruditzen zaio adinekoen bakardadea arintzeko kanpaina edo 3.000 euro gehiago gehituko zaizkiola Lau Katu elkarteari, katu koloniak kudeatzeko.
Hala ere, argi utzi nahi izan du aurrekontu hori ez dela PSE-EErena, «horren alde ez gauden ildoak jasotzen direlako, hala nola politikarien soldatak, neurriz kanpokoak direlako».
Era berean, ez daude ados «errealitatetik aldentzen den aurrekontu bat» delako. Beasaingo PSE-EErentzat ez da lehentasunezkoa Bide Berdearen proposamena. «Guretzat lehentasuna herria herritarrengana hurbiltzea da, Beasaingo goiko auzoetako irisgarritasun arazoak konponduz».