Astotxo jai eraldatua Lazkaon
Euskal asto arrazaren erakusketa eta lehiaketa izango da igandeko ospakizunaren ardatza. Festaren itzuleran, galdu da ‘Egiptorako ihesa’ antzezpena, eta ez dute egingo.
Aldaketa nabarmenarekin ospatuko da igandean Lazkaon Astotxo eguna. Pandemiagatik bi urtean egin ezinik igaro ondoren, galera utzi du geldialdiak. Zawopi taldeak lau hamarkadatan antolatu duen Egiptorako ihesa antzezpenik ez da izango. Aurretik ere errelebo eskea entzuten bazen, betiko galgarri izan da bi urteko etenaldia.
Baina ospakizunak jarraituko du, eta urteko egun seinalatuetako bat izango dute lazkaotarrek igandekoa. Jaiaren jatorriko protagonistak bereganatuko ditu begirada guztiak: astoak. Antsoategi kultur elkarteak eta Giasel elkarteak antolatutako Gipuzkoako Enkarterri astoaren erakusketa, kalifikazio ofiziala eta lehiaketa bihurtuko dira Astotxo egunaren transmisio-katea.
Lehiaketak 22. ekitaldia izango badu ere, Antsoategik eta Giaselek 25. urtea dute Astotxo egunez lanean hasi zirela.
Goiz-goizetik giroa
Iganderako ere, mende laurdeneko lankidetzaren fruitu gisa, egitaraua antolatu dute bi elkarteek. Asto diana musikariekin, kalean barrena desfilea, kalifikazio ofiziala albaitariekin, eta Gipuzkoako asto onenen lehiaketak egingo dituzte.
Beste behin, eta 2020tik aurreneko aldiz, Lazkaoko plazan ehun buru baino gehiago batuko dituzte, bai Giasel elkartearenak, bai Gipuzkoako astozale eta baserritar ugarirenak.
«Urteotan festaren erdian jartzen joan gara Euskal Asto Arraza. Gure baserrietan galbidean egon zen garai batean, baina elkarte hauen lanaren ekarpenarekin, esan daiteke gaur egun egoera irauli egin dela. Horren froga garbia da datorren igandean Lazkaoko plazan arraza honetako ehundik gora asto elkartzea espero dugula», azaldu du Antsoategi elkarteko Egoitz Bergarak.
Festa «berezia» izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta bertaratzeko gonbidapena zabaldu diete goierritar guztiei. «Kultura, ganadu feria, familiako plana… Denetik du pixka bat seguruenik egun honek». Ekimenaren 25. urteurrena dela eta, antolatzen ahalegin berezia egin dutela aitortu dute.
Mojetan jaiotza handia
Festaren beste arreta-gune bat moja zistertarren Santa Ana elizan egongo da. Urteroko legez, tenpluaren alde batean Belengo estalpea irudikatzen duten figura handiak kokatuko dituzte. Guztien artean, betidanik herritarrei eta bisitariei xarma berezia eragin dien astoa. Jateko zerbait eramaten zioten antzina, eta handik hasi zen Astotxo festa.
Egunaren ezaugarri bihurtu diren gari-irinezko olatak ere salduko dituzte, komentu alboko Bordatxuri etxean.