Ion Izagirre kartelburu dela jokatuko da igandean Ormaiztegin ziklo-krosa
Euskadiko txapeldun berriak sorterrian erakutsiko du lehen aldiz titulua. Lastra izango du aurkari gogorrena. Nesketan, Alicia Gonzalez estatuko onenak parte hartuko du.
Ormaiztegiko 51. Ziklo-Kros Proba igandean jokatuko da, lau lasterketarekin. Goizean 10:00etan hasita, ordu oro korrituko dute, mailaka bereizita. Euskal Herriko egutegiko azken proba izango da, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteak antolatuta.
Ion Izagirre ormaiztegiarra izango da arreta-gune nagusia. Tolosan Urtezahar egunean lortu zuen Euskadiko txapeldun tituluarekin korrituko du Cofidisekoak. Orduko hartan bezala, Jonathan Lastra bilbotarrak emango dizkio herrian irabazteko lanik handienak –Caja Rural utzi, eta Cofidisera joan da, taldekide dira urtarrilaren 1etik–.
Elite emakumezkoen artean, Alicia Gonzalez asturiarra da faborito nagusia. Movistarreko ziklista Espainiako txapelduna da gaur egun; Lucia ahizparekin eta Aida Nuñorekin batera, estatuko panoramaren menperatzaile da. Euskadiko txapeldun Olatz Odriozola ez da lehiatuko, lanagatik. Ormaiztegiko ordezkari, Lur Zufiria aterako da (23 urtez azpikoetan).
Iazko zirkuitu berean
Atzo 150 txirrindulari zeuden izena emanda. Goierriko harrobiko eta afizionatuetako txirrindulari gehienak Ormaiztegiko barrutian izango dira. Eliteen tropelean Aitor Hernandez, Pello Goikoetxea (Euskaltel), Miguel Sanchez asturiarra edo Martin Mata burgostarra dira beste izen berezi batzuk.
Zirkuitua iazko berbera izango da, 2.500 metro luzekoa eskola-kiroldegi-Itxune inguruan. Helmuga bainuetxe zaharraren parean kokatuko dute.
Rafa Gonzalez omenduko dute
Goierriko txirrindularitzaren oinarrizko zutabeetako bat den Rafael Gonzalez Tercerori omenaldia egingo diote, igandean, Ormaiztegin. Madrilen jaio zen 1950ean, eta 18 urterekin iritsi zen Euskal Herrira. Jubeniletan hasi zen bizikletan, eta batez ere ziklo-krosean ibili zen, 1977tik 1982ra, Peugeot, Teka, Super Ser eta Colchon CR taldeetan, beti afizionatu.Ziklo-krosean Espainiako txapeldun atera zen, afizionatu mailan, 1977an Iruran. Bost mundialetan parte hartu zuen (postu onena Beran, 22.). Ziklo-krosean bi karrera irabazi zituen: Donostian eta Goiurian (Durango). Borrokalaria zen, hasieratik ihes egiten zuena.
Mekaniko laguntzaile ibili da euskal federazioekin, eta 72 urterekin, oraindik lanean segitzen du, belodromoan. Beasainen Gurpil denda eduki zuen, urtetan. Zegaman bizi da.