Zuritu du, baldintzatu gabe
Goierrira ere metereologoek iragarritako elurra iritsi da. Errepideetatik eta kaleetatik elurra kentzeko lanean jardun dute udal langileek, goizean goizetik
Iritsi dira meteorologoek horrenbestetan iragarritako elurra. Urteko lehenen elurtea izan da, neguko bigarrena. Goierriren kasuan, goialdeko herrietan nabarmendu zen batez ere. Hainbat mendatetan kateak behar izan ziren ibiltzeko eta ibilgailu astunentzat itxita ere egon ziren batzu-batzuk, goizaldean eta goizeko lehenen orduetan, batik bat. Deskargan adibidez, trafiko arazoak egon ziren goizeko lehenen orduetan, eta 10:00etan txingor eurauntsia bota zuen, errepidea berriro zuritu eta kotxeak geldirik egon behar izan zuten 20 bat minutuz; Eitzaga, kamioi eta ibilgailu artikulatuentzat itxita egon zen goizean, kotxeentzat berriz zabalik, baina kateak behar izan ziren; eta Etzegaraten, tarteka itxita egon zen.
Herriguneetan, berriz, Goierri goian, goizean goizetik lanean zeuden udal brigadak eta suhiltzaileak, errepideak eta kaleak garbitzen, ibilgailuek zein oinezkoek, ahalik eta arazo gutxien izan zezaten nolabaiteko normaltasunari eusteko.
Goierri behera ere iritsi zen elurra, baina leunago. Olaberrian, kaskoan elur pixka bat bota zuen. Udal langileak espaloiak garbitzen aritu ziren goizean goiz. Bidean, berriz, ez zegoen aparteko arazorik. Lazkaomendin, egundoko txingor erauntsia bota zuen 10:00ak aldera, eta horrekin bideak berriro zuritu zituen. Ormaiztegin, inguruko mendiak, zelaiak eta basoak zuri esnatu ziren, eta hala mantendu ziren goizean zehar. Errepidea, berriz, garbi egon zen. Zerainen, etor litekeenagatik protokoloa prest zuen udalak, baina ez zuten beharrezkotzat jo hura aktibatzea. Goiz erdirako, berriz, zerua garbitu zuen, eta giroa lasaitu zen.
Gozamena batzuentzat
Sentipen desberdinak pizten dira halako egunetan; botatzeko desiatzen izaten dira batzuk, «botatzen badu, mendian bota dezala» diote beste batzuk. Denen gustura egitea, zaila da.
Elurrarekin gozatu dutenen artean, haurrak. Urretxu-Zumarragako Ikastolara bidean zihoazen Goiatz, Nora, Uxue, Malen eta Heike, eta Zumarragako Zelai Arizti parkean gelditu dira elurrarekin jolasteko. «Ilusio handia» zuten herria zurituta ikusteko, eta «pozik» zeuden, baina elur «gehiago» botatzea espero zuten.
Urretxuko plaza inguruan berriz, Eloy Toro zegoen, goizeko 07:30ak inguruan, herrian zehar bueltatxoa ematen. «Harridura» agertu du, izan ere, Sevillakoa dela kontatu du; «oporretan nago hemen, lagun batzuei bisita egiten, eta sorpresa zoragarria izan da, gutxitan ikusi baitut elurra. Paseotxo bat emango dut, paisaiaz gozatzeko».
Iragarpena
Gaurko metereologia iragarpenaren arabera, elurra egingo du eguneko lehen orduetan. Alerta laranja dago elurragatik barnealdean, 09:00ak arte. 500 metrora arte bota dezake, baita beherago ere une batzuetan. Gauean izotz txikia ere egingo du, eskualdeko puntu altuenetan bereziki.