«Epe luzeko begirada eskaintzeko» proiektu politikoa berretsi du Ernaik
Gazte antolakundeak hamar urte beteko ditu aurten. «Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren proiektua berritu» dute. Eskualdeko kidetzea egingo dute martxoan
Goierriko Ernaik «independentzia, sozialismoa eta feminismoa ardatz» dituen proiektu politikoa berretsi du. Hala adierazi zuten aurreko ostiralean Ordiziako Plaza Nagusian egindako prentsaurrekoan elkartu ziren gazteek. Hamar urte izango dira martxoan Ernai sortu zenetik. «Gazte borroka ez da zerbait berria, horregatik, hamar urteko lanetik irakaspenak atera eta gure proiektu politikoa ardatz aurrera pausoak ematea dagokigu».
Adierazi zutenez, «etorkizuneko Euskal Herria sortzeko bidean borroka eginez» jardungo dira, gazteen saretzearen bidez. «Gazteok oraina dugulako irabazteko». Kapitalismo zisheteropatriarkala eta koloniala jarri dute jomugan, antolakundeak dioenez, «gazteria modu partikularrean kolpatzen» duelako eta «espektatiba eza» eragiten duelako. «Espektatibarik gabe, atomizatuak, bakartuak, eta hotzean nahi gaitu kapitalak, eta konplize dituen estatuek».
Topagunea, Elorrion
Aukera eskaintze aldera, «Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren proiektua berritu» dute, eta «ziurgabetasun garaiek exijitzen duten epe luzeko begirada eskaintzeko proiektu politikoa» berretsi dute. Horretan dabiltza lanean. Martxoa hasierarako topaketa antolatuko dute, Goierriko gazteak saretzeko eta Ernairen proiektuan urratsak emateko. Zehaztasunak datozen egunetan iragarriko dituztela aurreratu dute.
Ernairen hamargarren urteurrenaren dinamikaren barruan, apirilaren 6tik 9ra Gazte Topagunea ospatuko dute, Elorrion (Bizkaia). Goierriko gazteei bertara gerturatzeko gonbita luzatu diete Ordiziatik. Elorrio «gazte independentisten topaleku» eta «bestelako etorkizun bat irudikatzeko momentua» izatea nahi dute, maila nazionaleko Ernaik abenduan jakitera eman zuenez.
Tartean, Merina Gris, Brigade Loco, Lukiek, Amooma, Sua, Dupla, Pinpilinpusies, Olaia Inziarte edota Zetak musikariek parte hartuko dute Gazte Topagunean. Eztabaida eta hausnarketerako gunea ere egokituko dute, hitzaldiak egiteko. Kattalin Miner, Joseba Sarrionandia, Mikel Antza, Jule Goikoetxea edota Albina Stardust izango dira bertan. Sortzaileen azoka ere egongo da.