Goierrik mozorroa jantzi du
Ostegun Gizenarekin hasi dira inauteriak. Gaur Ostiral Mehe da, Goierriko haur gehienen mozorro festa eguna. Legazpin Lintxek irekiko ditu festak, eta igandean agurtu, Luzaideko konpartsarekin.
Urtea igaro da iazko inauteri berezietatik, eta hemen dira berriz ere kaleak mozorroz, kolorez eta musikaz janzten dituzten festak. Goierrin ere izaten dute oihartzuna, eta herriz herri ekitaldi ugari izango dira datozen egunetan.
Atzo Ostegun Gizen ospatu zen, besteak beste Legazpin, Urretxu-Zumarragan eta Ordizian, eta gaurko Ostiral Mehe egunean festa giroa ia herri guztietara zabalduko da, ikastetxeek antolatutako mozorro desfileekin batez ere. Goierriko inauteriek hurrengo astelehenera arte iraungo dute.
Legazpin, Lintxen eskutik
Aste hasieratik dago inauteri usaina Legazpin Ilintiko dendetan jarritako dekorazioari esker. Atzo Ostegun Gizen zen, eta mozorroak ikusi ziren kalean goizeko LegazTipi-Tapa ibilaldian eta Doinua musika eskolako fanfarreak arratsaldean egin zuen kalejiran. Baina gaur lehertuko da inauteri festa, igande iluntzera arte luzatuko den egitarau zabalarekin.
Urteak dira Legazpin inauteriak festa handiak direla, eta aurten, azken edizioetan pandemiak ezarritako murrizketak alboratuta, bete-betean ospatuko dira, Goierriko gainerako herrietan bezala. Lintx pertsonaia arduratuko da jai horiei hasiera eta bukaera emateaz.
Sustraiak dantza taldeak inauteri konpartsaren barruan 1989an sortutako pertsonaia da Lintx, 2011n hezur haragizko bihurtutakoa. Gaurko 17:00etan iritsiko da, ikastetxeen mozorro desfilearen ondoren. Euskal Herria plazara gerturatuko da, katamaloez eta Doinuako fanfarreaz lagunduta, eta igande iluntzean alde egingo du Legazpitik, tarte horretan festarako aukera ugari eskainiz.
Gaur, festa hori kalean gauzatuko da, mozorrotutako kuadrillaz eta karrozaz beteko delako erdigunea. Tabernetan ere ez da girorik faltako.
Bihar gazteen inauteria ospatuko da, Gazte Asanbladaren eskutik. Mafiaren gaia aukeratu dute mozorrotzeko, eta egun osoko egitaraua izango dute.
Igandean amaituko dira inauteriak, Sustraiak dantza taldeak antolatuta egun osoan zehar kalez-kale ibiliko den Luzaideko inauteriaren konpartsa herrikoiarekin. Iluntzean, hezur-haragizko Lintx joan eta gero, izen bereko panpina erreko dute plazan, festak amaitzeko.
Errondailaren mariatxia
Aurtengo inauteriek Alaitasuna errondailaren kalejira ere berreskuratu dute gaurko. Aspaldiko ohiturari jarraituz, mariatxi bat osatuko dute taldekideek eta azken asteotan abesti mexikarren errepertoria prestatzen jardun duten herritarrek. Dozenaka lagun aterako dira kalera guztira, eta 18:30ean hasiko dute emanaldia, Gurrutxaga tabernaren aurrean. Badu emanaldi honek pizgarri bat gainera, Euskal Telebistako bigarren kateko Nos echamos a la calle saioak zuzenean emango duelako hasiera.