EAJk aurkeztu ditu Goierriko alkategaiak
EAJk Goierriko alkategaiak aurkeztu ditu gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian egin duten ekitaldian.
Gaur goizeko 12etan elkartu dira EAJko alkategaiak Ordiziako Plaza Nagusian, aurkezpen ekitaldirako. Ekitaldi hau Eider Mendozak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagiak gidatu du eta herrietako alkategaiek haien erronken inguruan hitz egiteko aukera izan dute.
Lazkaoko alkategaia den Kepa Zubiarrainek hartu du hitza lehenbizi eta enplegua izan du hizpide. Aipatu duenaren arabera, «herritarren bizi kalitatea mantendu eta bermatu» nahi dute eta horretarako «ezinbestekotzat» jo dute enplegua. Zubiarrainen esanetan, «merkatariek, ekintzaileek, enpresek, autonoek… sortzen dute enplegua eta baldintza egokiak eskaini behar dira horretarako». Bestalde, bailaran «benetako egitura eta sare sendo bat» osatzen dutela Goieki, Goierri Eskola, Goierri Valley eta abarrek eta hauen «garrantzia» azpimarratu du, «elkarlana eta berrikuntza» jarriz erdigunean. Hitz hartzearen amaiera aldera ondorengoa esan du enplegurako «beharrezko» testuinguru horretara bidean: “enpresa eta autonomoei haien beharretara egokitutako eraikin publiko edo pabiloiak egiteko aukera izango dute”.
Ondoren, alkategai zaldibiarraren txanda izan da, Garbiñe Mendizabalen txanda eta herri txikiak izan ditu hizpide batez ere. Herri txiki batean bizitzea «gustoko» dutela aipatu du eta herri txikiek «bizirik eustea» dela haien nahietako bat aipatu dute, Gipuzkoari «mesede» egiten diola adieraziz, lurralde-orekari «bere neurria» ematen diola argudiatuz. Horrez gain, herritarren «erosotasuna» jarri du erdigunean, «herri handietako abantailak» jarriz honen aterabide gisa. Bestalde, herri txikietako landa eremuaz ere aritu da, honi «berebiziko garrantzia» ematen diela aipatuz. Ondoren, «elkarbizitzarako» deia egin du, ondorengoa esanez: “denok ezagutzen ditugu bizipenak bizi izan eta gero, elkarbizitzari garrantzia berezia ematen diogu, eta errespetuan oinarritutako elkarbizitza baten alde lan egin nahi dugu”. Bestalde, etorkinez ere aritu da, hauek «beste behar batzuk» dituztela esanez eta «haien beharra dugula» azpimarratuz, ondorioz, gizartean «txertatzeko lan egin behar» dela aipatuz. Amaitzeko, «herriaren zerbitzura» daudela jakin behar dutela herritarrek nabarmendu du Mendizabalek.
Jarraian, Beasaingo egungo alkate den eta datorren maiatzaren 28an EAJko zerrenda-buru izango den Leire Artolak hartu du hitza. Lehenik eta behin, Mendizabalek amaieran esandakoaren haritik jarraitu du «herriaren zerbitzura egotea alderdiaren zigilua» dela berretsiz. Ondoren, «elkarlanean» jarri du fokua, Zubiarrainek esandakoaren bidetik eta adibide gisa «Goierri Valley» jarri du, bertan, «izaera eta tamaina desberdinetako industriak elkartzen diela» esanez eta «bakarrik posible ez luketeen proiektuetan parte hartzeko aukera ematen dietela» aipatuz. Gero, energiak «berebiziko» garrantzia duela esan du, eta energiatik merkataritzara egin du jauzi, herrian erosteaz gain «eskualdeko dendetan erosteko» deia eginez eta hau eskualdean merkataritza «indartsu» bat izateko eta herriak «bizirik» mantentzeko «aterabide» gisa aurkeztuz. Amaitzeko, helduenetan jarri du begirada hauek «kontuan hartu behar» direla aipatuz eta «beharrezkotzat» jarriz «nahigabeko bakardadearen lanketa», eta horretarako «ari direla elkarlanean» berretsiz.
Alkategaien hitz hartzeekin amaitzeko Ordiziako alkategai den Joseba Aranburuk hitz egin du. Azken lau urteotan oposizioan egon da eta aipatu duenaren arabera, «legislatura honetan egindako proiektuak aurretik zeuden proiektuak dira, eguneko arreta zentroa eta trenbidearen azpiko pasabidea kasu». Jarraian, ondorengoa esan du egungo udal gobernuaz: “udal gobernuak ez daki instituzioekin lan egiten. Ez du egin. Zaharren egoitza geldirik egon da 4 urte hauetan”. Hau guztia esan ondoren, «proiektu berriak» garatzeko «konpromisoa» azaldu du.
Azkenik, Eider Mendozak hitz egin du eta ondorengo esaldiarekin eman dio amaiera ekitaldiari: “Gipuzkoak aurrera egiteko eta Goierrik aurrera egiteko, Eusko Alderdi Jeltzalea”.
Hemen eskualdeko zenbait alkategai:
- Kontxi Sukia (Ataun)
- Leire Artola (Beasain)
- Kepa Zubiarrain (Lazkao)
- Eric Gávez (Legazpi)
- Aitziber Meabea (Legorreta)
- Joseba Aranburu (Ordizia)
- Garbiñe Mendizabal (Zaldibia)