Intxaur belztuen arazoa argitzeko, mahai-inguru bat egingo dute gaur Goizanen
Azken bi urteetan Goierrin intxaur aleak beltzarazi eta galarazi dituen eragilea 'Rhagoletis completa’ eulia dela frogatu dute baserritar adituek. Tratamendua baduela ziurtatu dute. Hainbat aditu eta baserritar elkartuko dira gaur, 16:00etan, Zaldibiako Goizane zentroan, arazoa aurkeztu eta irtenbideak proposatzeko.
Bertako intxaurrik ez da ia izan bereziki azkeneko bi urte hauetan Goierrin. Intxaur aleak arbolan belztu eta erabat hondatu dira, kasu gehienetan uzta osoa galarazteraino. Intxaurrondoak gaixotzen zituen eta lehenagotik ezagunak ziren bakteriosis eta antraknosis bakterio eta onddoen errua zela uste bazen ere, beste eragile bat aurkitu dute Gabino Murua, Jon Goikoetxea eta Markos Alustiza adituek: Rhagoletis completa eulia, eta haren harrak, zehatzago.
Klima aldaketaren berokuntzagatik, euli hori Euskal Herrira ere iritsi dela frogatu dute. Frantzian eta Italian 1980ko hamarkadatik ezaguna da, eta Iberiar penintsulara ere heldu zen, Kataluniara eta Galiziara. Orain arte, Euskal Herrian ez da atzeman. Izatez, gaitz bakteriologikoen sintoma antzekoak ditu: belzten hasten da alea, eta fruitua usteldu, galdu egiten du.
Baina urteko beste sasoi batean kaltetzen zuela sumatu zuen Muruak: Antraknosis eta bakteriosis gaitzak udaberrian gertatzen dira, hezetasun handia behar izaten dute, %80 ingurukoa, eta tenperatura 18-20 gradukoa. Iaz, ordea, abuztu hasieran aurkitu zuten Rhagoletis euliaren erasoaren presentzia.
Harrak intxaur azalean
Azala belzten hasia zeukaten intxaur ale kaltetu batzuek erakutsi zuten errealitatea. Azala harrotu, eta barruan 11 har. «Euli honen harra ez da alearen barrura sartzen, azalean geratzen da, eta azalaz elikatzen da», gehitu du Muruak.
Harrezkero, euliaren zikloak zehatz-mehatz behatu dituzte. Uztail bukaeran edo abuztu hasieran jartzen ditu euliak arrautzak, tenperatuaren arabera hamabost egun aurreratu edo atzeratu baliteke ere. «Metamorfosi prozesu bat da. Euliak arrautzak jartzen ditu, hirutik 15era bitarte, azalean zulo txiki bat eginda. Gainera, usain berezi bat uzten du, beste euliek jakin dezaten hura bataiatuta dagoela, eta han ez jartzeko. Arrautza horietatik hiru-bost egunera harrak jaiotzen dira, eta hirutik bost astera aritzen dira intxaurraren azalaz elikatzen. Gero lurrera erortzen dira harrak, eta lur azpian sartzen dira, bost-bat zentimetrora». Udan, lurpetik aterata eta jada euli bihurtuta hasten du berriro prozesua.
«Tratamendua badu»
Orain arte ezagunak ziren gaitz bakteriologikoen aurka egitek kupre tratamenduak behar diren bezala, intxaurra erabat galbidera errematatu duen euliaren kontra egiteko irtenbideak aztertu dituzte Muruak eta Goikoetxeak. Batetik, intxaurrondo zuhaitzen altuera gakoa da tratamendua eman ahal izateko: inausketa beharrezkoa dela defendatu du Muruak, beste leku batzuetan egiten duten bezala. Lau-bat metroan mantendu behar da arbola, bizkarreko motxilarekin fumigatzeko.
Galiziako esperientziatik ikasita, produktu eraginkorrena Spintor cebo dela ikusi dute, materia aktibotzat Spinosat duena. Frutaren eta olibondoen euliaren aurka erabiltzen da. Proteinadun intsektizida bat da; proteinak euliaren erakarle bezala funtzionatzen du.
Tresneria egokirik ez dutenek, edo intxaurrondo handiak dituztenek, aldiz, tranpeo sistema erabil dezaketela gehitu du Muruak. «Tranpeo sistemarekin eulien %60 edo gehiago harrapatu eta akabatu litezke. Etxetxo-tranpa batzuk dira, barruan itsasgarridun lamina bat eta erdian feromona kapsula bat duena. Intsektuek bi kilometrotik ere usaintzen duten emeen feromona, eta etxetxora sartzen direnean itsatsita geratzen dira».
Ingelesez ‘erakarri eta hil’ deitzen dieten sistema da. Intxaurrondo bakoitzean hiru edo lau tranpa jarriz gero, euli gehienak harrapatuko lituzkeela diote.
Bestetik, erakarle gisa proteina ohikoa –sardinazaharra, adibidez– erabiltzea ere eraginkorra dela ikusi dute zenbait baserritarrek. Edo liztor beltz asiatikoaren (Vespa velutina) kontra erabiltzen dituzten botila-tranpak.
Goizane zentroan mahai-ingurua egingo dute gaur
Bertako intxaurra salbatzeko ahaleginean, eta Rhagoletis completa euliaren inguruan ikusitakoa eta aurkitutako informazioa elkarbanatzeko, mahai-inguru bat antolatu dute. Gaur, 16:00etan, Zaldibiako Goizane eraikinean izango da azalpen bilera, Goimenek gonbidatuta. Izena ematea komeni da aurrez (679 97 23 72).
Gabino Muruak, Markos Alustizak, Josu Osak eta Jon Goikoetxeak, besteak beste, parte hartuko dute mahai-inguruan. Lau atal nagusi azalduko dituzte: intxaurrondoen gaitzak (antraknosisa eta bakteriosisa batez ere), intxaur aleetan Karpokapsa tximeletak eragiten duen kaltea eta haren kontrako neurriak; eta, batik bat, Rhagoletis completa euliaren eragina eta azken hiruzpalau urteetako galera. Azkenik, tratamendu aukerez jardungo dira.
Gaiarekin kezkatuta daudenen artean talde bat ere sortu nahi dute, Whatsapp kanalaren bidez komunikatuko direna, elkarlanean eta modu koordinatuak jarduteko.