Egurrarekin artelanak egiteko talentu ugari dago Legazpin
Badira 24 urte egur tailla gustuko duten legazpiarrak biltzen dituen Txirbil elkartea sortu zutela. San Ignazio auzoan du egoitza elkarteak, eta hango tailerretan makina bat artelan egin dituzte bazkideek.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3712-1200x900.jpg)
Arantzazuko basilikaren fatxadak badu egurrez zizelkatutako erreplika txiki bat Legazpin. Lucas Velascok egin du, Txirbil elkartearen egurrezko tailla ikastaroen babesean.
Velascok bi ordu igarotzen ditu egunero elkarteak San Ignazion duen tailerrean, mailuari eta zizelei eragiten. Egurrezko tailla gustuko du, eta duela 25 urte afiziotzat hartu zuenetik, makina bat pieza egin ditu.
Arantzazuko fatxada
Arantzazuko fatxada da Velascok egindako azken lana. Tamaina handikoa da, paretan eskegitzekoa: 96 zentimetro ditu oinarrian, 60 zentimetroko altuera du, eta zazpi zentimetroko sakonera. Pieza desberdinez osatuta dago; hamalau apostuluak iroko pinuaren egurrarekin egindakoak dira, eta gainerako guztiak, Pietatearen irudia barne, haritz egurrezkoak.
Orain, familia batentzako heraldika ari da zizelkatzen, bi abizenen armarriekin. Maiatzerako koadro batentzako markoa egingo dio lagun bati. Duela urte asko baserriko atean jartzeko beste lan bat egin zion lagun berari, baserriaren izenarekin. Velascoren lagun gehiagok ere badituzte berak egindako lanak: futbol taldeen armarriak, lauburuak, erlojuak, kutxak…
Txirbil eta Arrieta, 2001etik
Velasco 1999an hasi zen egurra lantzen Zumarragan eman zuten ikastaro batean, eta handik bi urtera Legazpin Txirbil elkartea sortzen lagundu zuen. Hasieran Itxaropen auzoko hexagonoko eskoletan izan zuten egoitza, baina laster aldatu ziren San Ignazioko gaurko lokaletara. Elkarteak makina bat bazkide ditu, lokala eta instalazioak erabiltzeko eskubidea dutenak, eta urtean zehar pare bat ikastaro antolatzen ditu, egur tailla erakusteko eta bazkide berriak erakartzeko.
Hasiera-hasieratik Javier Arrieta zegamarra da irakaslea, eta gustura dabil Legazpin, baina dagoneko jubilazioan pentsatzen hasita dago. Bitartean, Zegaman, Seguran, Idiazabalen Olaberrian, Beasainen eta beste herri batzuetan ematen dituen ikastaroekin jarraituko du.
Egur tailla lan lasaigarria eta estresa kentzeko oso ona dela dio Arrietak. Jendea animatzen du probatzera.
Bost hasi berri
Aurtengo urtarrilean hasi du Txirbilek ikastaro bat, eta bost ikasle berri ditu. Lidia da bat. Aspaldiko gogoa bete du horrela aurten, eta sei ordu bakarrik badaramatza ere, argi du ez dela damutuko, gustuko duelako.
Idurre ere berria da; durangarra da, eta urtarrilean etorri da Legazpira bizitzera. Egur lanketa gustuko zuen aurretik, eta Txirbilen ikastaroa aukera paregabea iruditu zitzaion jendea ezagutzeko.
Jexux, berriz, jubilatu berritan hasi da Txirbilen, denbora librea betetzeko. Aurretik ibilita zegoen zeramikarekin, eta orain egurrarekin hastea pentsatu du. Gustura dabil.
Beterano ugari
Pako beteranoagoa da. Sei-zazpi urte daramatza Txirbilen, eta orain arte lan ugari zizelkatu ditu: Picassoren Gernika, eguzkiloreak, futbol taldeen armarriak… Ikastaro egunetan, astelehenetan joaten da lokalera, irakaslea bertan egoten delako.
Marisol, bestalde, 2018an iritsi zen Txirbilera, eta eguzkilore bat ari da egiten egun hauetan. Astean behin joaten da lokalera, nahiko lukeena baino gutxiago, baina gustuko du egurra lantzea. Kutxa, esekilekua, argizaiola, termometroa jartzeko oinarria… horiek dira orain arte egindako lanetako batzuk. Oso gustura dabil egurra lantzen.
Jesus hasieratik da Txirbileko kidea. Denetik egin du orain arte, eta gehien gustatzen zaiona, termometro eta barometrorako euskarri bat da, munstro baten aurpegia duena. Orain argazki bati jartzeko markoa ari da egiten, sukalde zahar bateko egurrezko ate txiki batekin.
Pio ez dago hasieratik elkartean, baina urte mordoa daramatza. Astelehenetan joaten da, baina ez astero, adinagatik uzteko asmotan dabilelako. Sukaldean erabiltzeko bog egurrezko paleta bat egiten ari da. Zortzi armarri ditu eginda, familiaren artean banatutakoak, baita erlojuak eta kutxak ere. Katagorriak eta basurdeak ere eginda ditu.
Javierrek, berriz, oiloa eta hontza ditu eginda, baita ispilu batentzako marko ikusgarri bat ere. Orain argazkiz osatuko duen koadro baterako beste marko bat ari da egiten. Zortzi bat urte daramatza Txirbilen, jubilatu zenean hasita. Lokalera astelehenetan joaten da bakarrik, eta ahal duen guztietan, etxeko garajean lan egiten du.
Pazos, azkenik, Gernika koadroarekin eta esekileku handi batekin ari da lanean orain, Maiatza tabernaren logotipoa ere egina du, beste hainbat lanekin batera, 2008an hasi zelako egur lanketarekin. Txirbileko gainerako kide guztiek baino ordu gehiago sartzen omen ditu lokalean lanean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3708-500x667.jpg)
Pio
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3709-500x667.jpg)
Marisol
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3713-500x375.jpg)
Javier Arrieta irakaslea eta Idurre
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3715-500x667.jpg)
Jesus
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3716-500x667.jpg)
Pako
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3717-500x375.jpg)
Lidia
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3718-500x375.jpg)
Jexus
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3721-500x375.jpg)
Lucasek egindako Arantzazuko basilikaren fatxada
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3722-500x375.jpg)
Lucas
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3719-500x375.jpg)
Jesus eta Idurre
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3723-500x375.jpg)
Pazos
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3731-500x375.jpg)
Pazosen lana
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3726-500x375.jpg)
Javier
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/02/img_3727-1-500x375.jpg)
Javierren lanak