Hamabi egun bozak zenbatzeko
Ostiralean hasi zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina. Hautagaitzetan 16 goierritar daude. 53.461 goierritarrek izango dute botoa emateko eskubidea.
Hasi da Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina. Apirilaren 5ean ekin zioten alderdi eta koalizioek kanpainari, eta apirilaren 19ra arte luzatuko da. Hamabi egun falta dira gaurtik herritarrek bozkak eman eta irabazlea aukeratu dezaten. Apirilaren 21ean egingo dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako legebiltzarra aukeratzeko 13. hauteskundeak.
53.461 goierritarrek izango dute botoa emateko eskubidea, Espainiako Estatistika Institutuaren azken eguneraketaren arabera. Horietatik 1.972 atzerrian bizi diren goierritarrak dira. Aurrez aurre bozkatzea aukeratzen duten herritarrek 9:00etatik 20:00etara jo beharko dute dagokien hauteslekuko mahaira. Bertan bizi eta posta bidez bozkatu nahi dutenek, berriz, bihar izango dute azken eguna eskabidea bidaltzeko, eta ondoren, bozka hauteskunde mahaira bidaltzeko epea apirilaren 17ra arte egongo da irekita.
Eskabideak aurrez aurre postetxean, INEren webgunean edo Correosen webgunean eskuratu daitezke. Hautesle-erroldaren Bulegoak posta bidez bozkatzeko eskabidea jaso ondoren, tramitatzeko dokumentuak bidaliko dizkie eskatzaileei, eta haiek botoa dagokien hauteskunde-mahaiko mahaiburuari zuzendutako gutun azalean sartu beharko dute. Posta bulegoan postariari eman eta posta ziurtatu eta presazkoaren bidez bidali beharko dute.
Hamabost goierritar
Hamalau alderdik aurkeztu dituzte hautagaitzak Eusko Legebiltzarrerako Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Gipuzkoan, 11 alderdi aurkeztu dira. Horietako bost alderditan Goierriko hautagaiak daude. Hamasei goierritar daude denera EH Bilduren, EAJren, PSE-EEren, Elkarrekin Podemosen eta Sumar-en zerrendetan banatuta.
Datorren asteko ostiralera arte, alderdi eta hautagaiek herritarren botoa eskatu eta bereganatzeko programen berri emango dute. Goierrin, gaur egingo dute ekitaldi politiko bana EH Bilduk eta EAJk, Ordizian.
Aste honetako ekitaldien agenda
Gaur. Ordizia. EH Bildu. Goierri mailako ekitaldi politikoa, Plaza Nagusian (19:00). Eraitz Saez de Egilaz eta Maddalen Iriarte.
Bihar. Segura. EH Bildu. Ekitaldi politikoa, San Joan plazan (19:00). Laida Begiristain.
Bihar. Urretxu-Zumarraga. EH Bildu. Ekitaldi politikoa, Areizaga-Kalebarren plazan (19:00). Josu Aztiria eta Arkaitz Rodriguez.
Etzi. Zaldibia. EH Bildu. Ekitaldia, plazan (19:30). Josu Aztiria eta Ioritz Berra.
EH BILDU
6. Josu Aztiria (Zumarraga)
9. Garikoitz Mujika (Idiazabal)
10. Eraitz Saez de Egilaz (Beasain)
16. Laida Begiristain (Ataun)
EAJ
2. Markel Olano (Beasain)
6. Xabier Barandiaran (Ataun)
PSE-EE
10. Alex Gonzalez (Urretxu)
14. Oscar Valbuena (Legazpi)
23. Eva Alvarez (Beasain).
Ordezk. Ana Sanchez (Ordizia)
ELKARREKIN PODEMOS-ALIANZA VERDE
3. Ander Jimenez (Beasain)
18. Wesley Aritz Corsitto (Beasain)
Ordezk. Maria Jose Jimenez (Beasain)
SUMAR
5. Monica Monteagudo (Legazpi)
10. Alberto Bezunartea (Legazpi)
20. Ines Maria Benitez (Zumarraga)