Inge Arin bere erroetara itzuliko da ‘Ahots Hariak’ dokumentala aurkezteko
Arinek frankismo garaiko abeslarien bizipenak jaso ditu. Dokumentalaren ostean, mahai ingurua ere egingo dute. Arinen gurasoak ataundarrak dira, nahiz eta bera Azkainen jaiotakoa den.
Ahots Hariak dokumentala ikusteko aukera izango da bihar Ataunen, udaletxeko pleno aretoan (19:30). Inge Arin da lanaren zuzendaria eta bere erroak Goierrin daude, Ataunen bertan. Are, Arin udaletxean izango da, lana aurrez aurre presentatzeko; proiekzioaren ostean, eztabaidarako mahai ingurua egingo dute eta hemen ere parte hartuko du, Jose Treku eta Pantxoa Karrererekin batera.
Ordu erdiko lan honetan, «zentsura eta bortizkeriaz beteriko» frankismo garaiak gogora ekarri nahi izan ditu Arinek. Hala ere, ikuspuntu zehatz batetik jorratu du gaia: euskal kantariek diktaduraren pean izandako bizipenak izan ditu oinarrian. Bereziki, diktaduraren bigarren azken urteetan zentratu da, 1960 eta 1975 artean. «Garai haiek gogora ekartzea beharrezkoa da euskal kulturaren berpizkundea ulertzeko», esan du egileak.
Dokumentalaren ideia Coette Larraburu kazetariaren Frankoren mende kantantzen genuenean liburuaren harira sortu zen. Kazetaria Arinengana hurbildu zen liburuan oinarritutako ikus-entzunezko pieza bat egiteko proposamenarekin. Hala ere, Arinek garbi zeukan ez zuela idatziaren kopia bat egin nahi, eta «ukitu pertsonala» eman dio dokumentalari. Haren esanetan, dokumentala nahiko klasikoa da, elkarrizketez osatutakoa. Horretarako, Treku, Carrere, Niko Etxart eta Anje Duhalde abeslariak elkarrizketatu ditu, beste batzuetan artean.
Bestalde, garaiko irudiak sartzea ere «ezinbestekoa» iruditzen zitzaion zuzendariari. Bakarrik egin duen lehenengo lana izan da eta errekurtso «gutxi» izan dituenez, «nahiko zaila» egin zaio irudiak lortzea.
Emaitzarekin gustura dago, eta harrera «ona» izan duela aipatu du. Orain urtebete aurkeztu zuen dokumentala, Lekeitioko (Bizkaia) zine jaialdian. Goierrin egingo duen lehen geldialdia da. Sarrera doakoa izango da.